Ikono pixelatuak edo pragmatismoaren morroiak
«Ala handia da», diote musulmanek. «Ahala handia da», zioen Ogruek (hau da, Iñaki Segurolak). Artze zaharrak esaten zuen, munduko erlijio guztiak zirela bat, denak zetozela iturri beretik. Eta Jesus guapo eta irribarretsu bat ere ikusten dut han-hemenka, pixelatuta —erran nahi da— kamustuta.
Niri arraroa egiten zaizkit horrelakoak. Esan nahi dut, sekula ez dudala nik sinistu Jainkoengan, eta, noski, ez ditudala behar izan —orain arte, behintzat—. Baina azken aldi honetan ikusten dut jendearentzat inportanteak direla besteen erlijioak, eta zertan sinisten duten —edo dugun— eztabaidatzeko prest direla. Eztabaidatzeko baino, kontra-argudiatzeko, erasotzeko, txikitzeko.
Eta nik erlijioen aldeko apologiak idazteko urte asko pasatu beharko diren arren, nahiago ditut existitzen ez den zerbaitengan sinisten duten horiek, posible denaren diktaduran kateatuta dauden horiek baino. Pragmatismoan soilik sinisten dutenek ez dutelako ezer aldatzen. Irudikatu ditzagun mundu hobeak, ikono pixelatuen ondoan.