Haurrentzako jarduera andana, Loiolako Erriberako jaietan
Loiolako Erriberako haur bakar batek ere ez du hutsik egin gaur goizean, eta Giuseppe Verdi plazan igaro dute larunbat eguzkitsua. Haur mordoaz gain, gurasoak ere pilatu dira plazaren barrualdeko txokoetan, etxeko txikienei jolasekin lagundu edo bihurrenen jokabideak gainbegiratzeko. Haurrek bakarrik zein taldean gozatzeko askotariko puzgarriak eta jolasak izan dituzte, eta aurpegi margoketak ez dira faltatu.
Ordu batean, haurrentzako zezentxoak atera dituzte, eta asko izan dira animaliaren gurdia eraman edo zezentxoaren aurretik korrika aritu direnak. Goizean elastikoa izerditzeko jarduerak nagusitu badira ere, arratsaldean bide lasaiago bat hartu dute jaiek; xake eta mus txapelketez gain, Erre antzerki taldearen Txiringito emanaldia izan dute. Arnasa hartzeko tartea amaituta, gorputzak astinduko dituzte berriz ere hurrengo orduetan. Erriberak konpartsak joko du 19:00etan eta Zumba tailerra izango dute 19:30etatik aurrera.