Mariatxiek eta danbor hotsek girotu dute Porrontxoetako larunbat goiza
Atzoko gau luzearen ostean, baten batek pentsa lezake Egiatarrek larunbat goiza atseden hartzeko hartuko zutela. Bada, inondik inora ere. Auzokideek ondo baino hobeto dakite jai egunei zuku guztia ateratzen eta goizeko egitarauari ere probetxua atera diote. Kzazpi txistulariekin hasi dute goiza, eta kirol jarduerak ere izan dituzte. Eguerdian, berriz, auzoko danborrada koloretsuak kaleak girotzeko ibilbidea hasi du; beste batzuek, aldiz, egitarauko musika jarduerez gozatu dute.
Kantujirako abestiez gain, doinu mexikarrak ere nagusitu dira goiz partean. Auzoko taberna mexikarrak sustatuta, Flor Fernandez mariatxi taldeak Mexikoko kantu ezagunenak abestu dituzte, auzokideekin batera. Doinuez gain, Ipar Amerikako herrialdearen giroa jana-edanaren bitartez lekualdatu da Plaza Haundiraino. Izan ere, kontzertuak iraun duen bitartean, takoak izan dituzte eskuragarri.