'Daniela Forever' filmak emango dio hasiera Beldurrezko Asteari
Programazioaren aurrerapena ere egin du jaialdiak, eta ikus ahal izango diren beste hamabi film iragarri dituzte.
Urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean egingo dute 35. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Gaur, ordea, jaialdia inauguratuko duen filmaren berri eman dute. Nacho Vigalondok zuzenduriko Daniela Forever (2024) euskal koprodukzioa izango da asteari hasiera emango diona, urriaren 25ean bertan, Antzoki Zaharrean.
Kantabriarrak irailaren 5ean estreinatu zuen pelikula Torontoko Zinemaldian. Henry Golding, Beatrice Granno, Aura Garrido, Ruben Otxandiano eta Nathalie Poza aktoreak dira protagonistak. Hauxe da filmaren sinopsia:
Nicolasentzat (Henry Golding) bizitzak zentzu guztia galdu du bere bikotekide Danielaren (Beatrice Granno) heriotzaren ondoren. Egun batean, bere ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatzen dute, eta baiezkoa ematen du, horrek suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanari berriro ekin. Ametsetan bada ere. Eta haietan bere burua betiko galtzeko arriskuarekin.
Vigalondok zuzenduriko bosgarren film luzea da, Los cronocrímenes –2007ko Beldurrezko Astea inauguratu zuena—, Extraterrestre (2011), Open Windows (2014) eta Colossal (2016) lanen ondoren. Azken urteotan, telebistako hainbat telesailetan lan egin du. Esaterako, Historias para no dormir serie berriaren La alarma (2022) kapitulua berak zuzendu zuen.
Programazioaren aurrerapena
Beldurrezko Astean ikusi ahal izango diren beste hamabi filmen berri eman dute, eta horien inguruko xehetasunak hemen topatuko dituzue.