«Lanean jarraituko dugu Añorga Txiki bizigarria izan dadin»
248 etxebizitza eraikitzeko lanak onartu ondoren, Atxiki Añorga mugimenduak alkatearen eta udal gobernuaren jokabidea salatu du.
Iraileko udalbatzarrean onartuko dute behin betiko Añorgako Geltokia hirigintza proiektua. Ondorioz, Añorga Txikin etxebizitzak eraikitzeko lanak abiatuko dituzte bi hilabeteko epean. Horrela iragarri zuen Eneko Goia alkateak hilabete hasieran, eta horrela jakinarazi diete Atxiki Añorga mugimenduko kideei. Horren aurrean, oharra plazaratu du EAJ-PSE-EEren udal gobernuaren jokabidea salatzeko.
“Eneko Goia Añorga Txiki auzoaren kontra dago. Ez dakigu nola baloratuko duen egoera, garaipen moduan? Auzotarrak menderatu dituela pentsatuko du agian, baina nekez ondoriozta dezake ezer irabazi denek”, adierazi du Añorgako auzotarren mugimenduak. “Añorga Txikiko hirigintza proiektua bere horretan garatzeak galera handiak” ekarriko dituela deitoratu dute: “Donostiako auzune txiki hau masifikatuko dute, konponbiderik gabeko zirkulazio eta aparkaleku arazoak areagotuko dira, haurrak jada ez dira auzoan seguru ibiliko, auzotarren elkarbizitza zailduko da, txikia geratu den ikastola handitzeko aukera galduko da, etxe berrietan biziko diren lagunetako batzuk trenbidearen gainean izango dituzte leihoak eta abar”.
Atxikik gogora ekarri du udal gobernuak agindu zuen partaidetza prozesua “hutsala” izan dela; “tramite hutsa”. Horrelako proiektu bat aurrera eramateko auzotarren iritziak aintzat hartzea “funtsezkoa” dela adierazi dute behin eta berriz, baina udal gobernuak “ez du inolako interesik” erakutsi: “Zaindu eta bermatu duten gauza bakarra promotore pribatuaren interesa izan da eta, bide batez, auzoa saldu dute; saldu egin gaituzte”.
Auzotarrek ez dute amore emango, “amorru handia sentitu arren”, eta lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, “Añorga Txiki bizigarria izan dadin”. “Alkateari esan nahi diogu hau ez dugula porrot gisara hartuko, indarrez inposaturiko erabaki oker bat delako”.