Leila Guerriero kazetari eta idazle argentinarrak solasaldia eskainiko du San Telmo Museoan, Ander Izagirrerekin batera
"Latinoamerikako ahotsik interesgarrienetakoa" den Leila Guerrierok Ander Izagirre kazetariarekin hitz egingo du bere obrari buruz irailaren 26an.
72. Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiko kide izendatu dute Leila Guerriero Argentinako kazetaria, eta, Donostian egongo dela aprobetxatuta, hitzaldia eskainiko du San Telmo Museoan, hilaren 26an.
La llamada liburua da argitaratu duen azken lan arrakastatsua. Argentinako diktaduran, militarren bahiketatik eta torturatik bizirik atera ondoren bere ingurukoek baztertu zuten Silvia Labayruren bizipenak jaso zituen bertan.
Oso saritua izan da Leila Guerrieroren lana azken urteotan. Fundación Nuevo Periodismo Iberoamericanok ematen duen Gabo Saria jaso zuen El rastro en los huesos kronikagatik, Konex saria bitan jasoa du kronika eta testigantzen sailean, eta baita Manuel Vázquez Montalbán Nazioarteko Kazetaritza Saria ere, besteak beste.
Kazetaritza narratiboaren erreferente bihurtu duten lanen artean daude, besteren artean, Los suicidas del fin del mundo, Frutos extraños, Plano americano, Una historia sencilla, Zona de obras, Opus Gelber, Teoría de la gravedad, La otra guerra eta La llamada. Aurki argitaratuko du La dificultad del fantasma: Truman Capote en la Costa Brava liburua.
Bere herrialdeko eta atzerriko hainbat hedabiderekin kolaboratzen du, hala nola La Nación, El País, Vanity Fair, Gatopardo eta Mercurio.
Solasaldia San Telmo Museoan eskainiko du irailaren 26an, 19:30tan, gazteleraz, eta streaming bidez ere eskainiko da museoaren Youtubeko kanalean.