Parte Zaharreko lizentziarik gabeko lanetan esku hartzeko gomendatu dio Arartekoak udalari
Udalaren eta aldundiaren esku hartze faltaren eta ostalaritza establezimendu batzuen gehiegikerien aurrean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Arartekora jo zuen, eta Arartekoak arrazoia eman dio. Eneko Goia alkateak dio udala gomendioak betetzen saiatuko dela.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen eskaera bati erantzunez, Arartekoak Donostiako Udalari gomendatu dio “atzera bota ditzala” Parte Zaharreko zenbait ostalaritza establezimendutan “jarduketa klandestinoak egiteagatik jarritako salaketetan inhibizioa erabakitzeko akordioak”. Era berean, gomendatu dio “hirigintza legezkotasuna berrezartzeko udal eskumenak baliatuz, espediente horiek bultzatzen jarrai dezala, hirigintza legezkotasuna bermatzeko eta hirigintzako araudia haustea zigortzeko”. Arartekoaren ebazpen osoa hemen irakurri dezakezue.
Hain zuzen ere, auzo elkarteak salatu du udalak denbora daramala “taktika bat hartzen Parte Zaharrean lizentziarik ez duten obrak ez kontrolatzeko eta neurri zuzentzaileak ez hartzeko”.
Izan ere, auzo elkarteak 2022tik darama auzoko hainbat ostalaritza establezimenduk lizentziarik gabe egindako lanak eta jarduketak salatzen, baina bi urte baino gehiago pasatu diren honetan, udalak ez du esku hartzerik egin arau hausteak kontrolatzeko eta zigortzeko. Gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan Eneko Goia alkateari gaiaren inguruan galdetuta, aldiz, alkateak esan du Arartekoak egiten dituen gomendioak betetzen saiatzen dela beti udala, eta, beraz, “udal honetan ohitura den moduan”, oraingoan ere hala izango dela.
Plaza Berrian eta Bulebarrean lehen salaketak
Parte Zaharrean Bizik 2022ko maiatzean egin zituen lehenengo salaketak, Plaza Berriko eta Bulebarreko bederatzi ostalaritza establezimenduk kaleko arkupeetan legeak baimentzen ez zituen instalazio elektrikoak zituztela antzeman zutenean.
Auzo elkarteak azaldu duenez, Parte Zaharra Monumentu Multzo gisa katalogatuta dagoenez, udalak gaiaren inguruko kontsulta bidali zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta aldundiak berretsi zuen instalazio horien berri ez zuela eta ezin zirela baimendu.
Lehenengo salaketatik bederatzi hilabetera, 2023ko otsailean, udalak agindu zuen lehenengo salaketako instalazio elektrikoak kentzeko, auzo elkartearen arabera. Gainontzeko zortzi salaketek ere euren bidea egin zuten, Parte Zaharrean Bizik nabarmendu duenez, beti helmuga berera helduz.
Aldiz, auzo elkarteak salatu duenez, udalak “bere irizpidea aldatu” egin zuen 2023ko urrian, eta “erabaki zuen adieraztea udal administrazioak ez duela auziaren eskumena, bederatzi establezimenduetan abiatutako esku hartzeak artxibatzea eta aktak eta salaketak aldundiari helaraztea”.
Salaketa gehiago
Ordutik, Parte Zaharrean Bizik nabarmendu duenez, lizentziarik gabeko jarduketen argitu gabeko eta udalak aldundiari helarazitako salaketen kopuruak “gora egin du”. Hain zuzen ere, udalaren “inhibizioaren” ondorioz, auzo elkarteak aldundiko iturriak aipatuta dioenez, 74 espediente daude ez aurrera eta ez atzera.
Salaketa horien artean, ostalaritza establezimendu baten erreforma osoaren inguruko salaketa dago; hala azaldu du auzo elkarteak: “Barra bota du, jendearentzako espazioak aldatu ditu, aireztapen sistema berri bat jarri du, eraikinaren fatxada aldatu du (leiho batek ate bat irekitzen du, atea zegoen lekuan beirate bat jarri du)… Elkarteak idatziz salatu zuen udalari uztailaren hasieran, eta Hirigintza Sailera telefonoz deitu zuen. Alferrik. Salaketa erregistratu eta hilabete geroago, udalak aldundira birbidali zuen. Lokala berriro ireki dute dagoeneko, inork jakin gabe suteetarako, zaratetarako edo hirigintza antolaketarako ezarritako baldintzak betetzen dituen”.
Horregatik guztiagatik, Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek diote auzoan “oihaneko legea” dagoela indarrean, lizentziarik gabe jarduketak egin ahal direlako. Orain, lehenengo salaketatik bi urtera baino gehiagora eta Arartekoaren ebazpenaren ondoren, alkateak esan du gomendioa beteko dutela. Hala ere, zera galdegin du Parte Zaharrean Bizik: “Zer egingo du Hirigintza Sailak? Zer egingo du udal gobernuak? Norbaitek hartuko ditu ardurak bere gain?”.