Udalak bi plaka jarriko ditu Antonio Pastor eta Moises Cordero biktimen omenez
Bi guardia zibilak ETAren biktimak izan ziren duela 45 urte, eta datorren larunbatean omenduko dituzte Herrera pasealekuan.
Donostiako Udalak beste bi plaka jarriko ditu larunbatean, hilak 21, Antonio Pastor eta Moises Corderoren omenez. Azken bi legealdietan terrorismoaren eta indarkeriaren biktima askorekin egin duen moduan biktimen omenezko xaflak jartzeaz gain, omenaldi xume bat egingo du udalak Donostiako alkate Eneko Goiaren, udal taldeetako ordezkarien eta biktimen senideen parte hartzearekin.
Ekitaldia larunbatean, irailak 21, izango da, 12:00etan, Herrerako pasealekuko 9. zenbakian. Antonio Pastor Martin Palentziakoa zen eta 24 urte zituen ETAk hil zuenean: Moises Cordero Lopez, berriz, Isla Cristinakoa zen (Huelva), 54 urte zituen Herrerako kuartel etxean aurrealdean tirokatu zituztenean. Biak 1979ko uztailaren 28ko gauean hil ziren, ospitalean, tiroak jaso eta ordu batzuk geroago.
29 plaka
Jartzear dauden bi plaka horiekin 29 izango dira udalak terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimen omenez jarri dituen plakak. Ohar bidez jakinarazi duenez, udalak ekimen honekin jarraitzeko asmoa du biktimen memoriak ikusgarritasuna izan dezan eremu publikoan.