50 urte Realak lehenengo aldiz Europan jokatu zuenetik
“Berriz ere, Europan ikusiko dute Reala” dio Anoetan Bultzada Txuri Urdinak abestu ohi duen animazio kantetako batek, eta, hain zuzen ere, urteotan ohiko bihurtu da Realeko gizonezkoen taldea Europako txapelketak jokatzen ikustea; baina, noiz ikusi zuten klub txuri-urdina estreinakoz Europan? Bada, Europako debuta gaurko egunez egin zuen klub donostiarrak, duela 50 urte: 1974ko irailaren 18an, 20:00etan.
1973-1974ko denboraldian ligan laugarren gelditu ostean —Bartzelonaren, Atletiko Madrilen eta Zaragozaren atzetik—, 1974ko UEFA Kopa jokatu zuen Realak, orduko Europako hirugarren txapelketa. Debuta Atotxan izan zen, Banik Ostrava talde txekiarraren aurka, eta maila ona eman bazuten ere, txuri-urdinek 0-1 galdu zuten, Mickak 63. minutuan sartutako golari esker. Reala nahi eta ezin ibili zen; gola gertu izan zuen Gazteluk takoiarekin egindako jaurtiketa batean, baina balora zutoinera joan zen. Realak partida hartan egon ziren Carmelo Amas, Diego Alvarez eta Santi Idigoras elkarrizketatu diru urteurrenaren harira, eta hemen ikus dezakezue bideoa (gaztelania hutsean).
Andoni Elizondo zen donostiarren entrenatzailea, eta honakoa izan zen zelairatu zuen hamaikakoa: Urrutikoetxea, Gorriti, Murillo, Gaztelu, Martinez (kapitaina), Kortabarria, Arakistain, Diego, Ansola, Urreisti eta Boronat. Minutuak aurrera joan ahala, Uranga eta Amas ere atera zituen Elizondok, eta aulkian zeuden, baita ere, Artola, Idigoras eta Muruzabal. Txekiarren entrenatzailea, bestalde, Tomas Pospichal zen, eta hamaikako hau zelairatu zuen: Michalik, Mochel, Rygel, Knapp, Vojacek, Huml, Tondra, Hudocek, Slany, Micka eta Albrecht.
Itzulerako neurketan, Realak ez zuen aukerarik izan, 4-0 galdu baitzuen talde txekiarraren aurka, Europako lehenengo abentura hori amaitutzat emanez. Handik gutxira etorriko ziren, ordea, txuri-urdinen Europako garairik loriatsuenak: 1979-1980ko denboraldian Inter Milanen aurkako kanporaketa epikoari buelta emateko zorian egon zirenekoa eta 1982-1983koan, Europako Kopako Hanburgoren aurkako finalerdietan —egungo Txapeldunen Liga—, epaileen erruz finalerako sailkatu ez zirenekoa, besteak beste.
Urteotan ere, une txarrak ez ezik, une handiak bizi izan dituzte realzaleek Europan: Manchester Uniteden, Inter Milanen eta Romaren aurkakoak, besteak beste. Ez da 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoen moduko une loriatsurik errepikatu Realarentzat Europan, baina iritsiko dira, ziur; aurten izango al da?