Ane Gabarainek jasoko du Gure Zinema saria
II. Gure Zinema saria Ane Gabarain aktore donostiarrak jasoko du. 72. Donostiako Zinemaldiaren baitan izango da sari banaketa, hilaren 27an, Basque Country gunean. Saria haren lagun eta aktore Elena Iruretak emango dio. Iruretak berak hilaren 24an Zinemira saria jasoko du.
Gabaraini ikus-entzunezkoen euskal sektoreari egindako ekarpena eta bere aktore ibilbidea aitortuko diote. Antzerti antzerki eskolan eman zituen bere lehen pausoak aktore gisa, eta ordutik, antzerkian, telebistan eta zineman egin du lan. Honako proiektuetan hartu izan du parte, besteak beste: Goenkale, Bi eta bat, Mi querido Klikowsky, Jaun ta jabe, Loreak, 20.000 especies de abejas, Alli abajo eta Patria. Hain zuzen ere, iaz Goya sari bat eskuratu zuen 20.000 especies de abejas filmean egindako lanarengatik.
Iaz, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos pelikulak jaso zuen aurreneko Gure Zinema saria.