Ingelesen hilerria hobetzeko lanak hasiko dituzte
Aste honetan hasiko dira Urgull mendiko Ingelesen hilerria hobetzeko lanekin. Ehun urte igaro dira hilerria inauguratu zutenetik, eta eremua lehengoratzeko asmoa du Donostiako Udalak. 30.000 eurokoa da aurrekontua, eta hiru asteko obra aurreikusi dute.
Hilda dauden edo arriskua sortzen duten zuhaitzak kenduko dituzte, eta landare berriak landatuko dituzte, multzoari itxura apainagoa emateko. Era berean, hilerriko zuhaitzen adaburuak azpitik soilduko dituzte, espazioari argitasun handiagoa emateko. Gainera, inguruko zuhaitzen adaburuen tamaina murriztuko dute, hilerrira argi natural gehiago sar dadin. Ziklamen eta nartziso erraboilak ere landatuko dituzte argi naturalik ez dagoen txokoetan.
“Donostiarrek estimu handia dioten leku horietako bat da hau, eta itxura hobetzeko eskuhartze bat behar du. Momentuz, ez da hilobietan eta hilerrian nagusitzen den monumentuan esku hartuko. Beraz, lanen helburua da bidexkak hobetzea, neurriz kanpo hazi diren landare zein sastrakak kentzea eta zuhaitzak egokitzea, Urgulleko txoko horri benetan duen garrantzia itzultzeko”, azaldu du Mantentze zinegotzi Carlos Garciak.
Landaredia txukuntzearekin batera, hainbat altzari jarriko dituzte hilerrian. Esaterako, egurrezko lau banku, “bisitariei atseden hartzeko aukera emango dietenak, hilerrira eta itsasora begira dauden bitartean”.