Martutene Morea batzordea eratu dute, indarkeria matxistari aurre egiteko
Erasoen aurkako protokoloa gaur aurkeztuko dute, 18:30ean, Sarroeta elkartearen lokalean.
Martutene Morea izeneko batzorde bat eratu dute Martutenen, eta protokolo bat aurkeztu dute, jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko. Martuteneko jaiak urriaren 9tik 13ra ospatuko dituzte, baina dagoeneko, batzordeak prest du erasoen sexisten aurkako prebentzio kanpaina, udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean eginikoa.
Hain zuzen ere, protokolo hori egiteko batzordeko kideek zortzi orduko formakuntza jaso dute Emagin elkartearen eskutik. Protokoloari dagokionez, alde batetik, arreta emateko telefono bat egongo da, karteletan agertuko dena. Bestetik, txosnetan eta Sagardo Egunean eraso sexisten aurkako Puntu Morea izango dute, informazioa, arreta eta laguntza emateko gune segurua.
Gainera, kanpainan hainbat sentsibilizazio jarduera egingo dituzte indarkeria matxistarik gabeko jaiak lortzeko. Gaur, 18:30ean, protokoloaren aurkezpena egingo dute Sarroeta elkartearen lokalean. Prestakuntza espezifiko labur bat ere egingo dute laguntzera animatzen diren boluntarioekin, protokoloa ezagutu dezaten.
Bestalde, pinak, eskuorriak, pegatinak, kartelak eta bestelako materialak banatuko dituzte auzoan zehar. Era berean, tabernariei, dendariei eta ferietako langileei parte hartzeko deia egingo diete, eta horretarako, protokoloa elkarbanatuko dute beraiekin.