«Zezenketak humanizatzen» dituen filma Zinemalditik kentzeko eskatu du PACMAk
PACMA alderdi animalistak Donostiako Zinemaldiari eskatu dio ken dezala Albert Serraren Tardes de soledad dokumentala, “tauromakia humanizatzen” duelako. Andres Roca Rey eta Pablo Aguado toreatzaileei buruzko dokumentala irailaren 23an proiektatuko da, lehiaketan parte hartuko duen Sail Ofizialean.
PACMAk ohar batean azaldu duenez, Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariari gutun bat bidali diote film hau programaziotik kentzeko eskatuz, “indarkeriazko praktika bat humanizatzen baitu”. “Dokumentalaren zuzendariak, Albert Serrak, bere ikuspegia nagusiki estetikoa dela adierazi duen arren, horrelako antzezpenek kezka etiko larriak sortzen dituztela uste dugu”, dio Asier Esparza PACMAren Gipuzkoako koordinatzaileak.
Animalisten iritziz, “tauromakia bezalako praktika eztabaidagarri baten ikuspegi erromantiko eta intimoa eskaintzean, animaliekiko indarkeria dakarren tradizioa normalizatzeko eta iraunarazteko arriskua dago”.
PACMAk gogorarazi du Donostiako Zinemaldiak “babes ekonomiko handia” jasotzen duela erakunde publikoen eskutik, eta, beraz, “herritarrek eskubide legitimoa dutela baliabide publiko horiek indarkeriazko edukiak ezagutzera ez emateko eskatzeko”.
“Gure ustez, kultura-erreferente gisa, jaialdia egungo gizartearen balioekin lerrokatu behar da, kulturaz jantzitako animalien aurkako indarkeria gero eta zokoratuago baitago”, ondorioztatu du.