Txomiñeneko euskaltzaleen taldea sortu dute
Behin batean izeneko elkartea aurkeztu berri dute auzoko euskaltzaleek. Lehen jarduera bihar izango dute, Zinemaldi Alternatiboarekin elkarlanean, Bizkarsoro filma proiektatuko baitute.
Zenbait hilabeteko lanaren ostean, Txomiñeneko talde batek euskaltzaleen elkartea sortu du, auzoan euskara hauspotzeko: “Behin batean Loiolan erromeria zen, Bilintxek gogorarazi zuenez. Behin batean Loiolan auzo txiki bat ere bazen: Txomiñenea”, adierazi dute euren aurkezpen oharrean. Hain zuzen, ideia horri tiraka izendatu dute elkartea. Behin batean Txomiñeneko euskaltzaleen taldeak euskara sustatu eta biziberritzeko helburua du eta, horretarako, askotariko jarduerak antolatuko ditu auzoan.
Lehen pausoak eman berri ditu, baina elkarteak auzokideentzako eskaintza du dagoeneko. Bihar, iluntzeko zortzietan, Bizkarsoro filma proiektatuko dute Zinemaldi Alternatiboarekin elkarlanean. Proiekzioa Arteleku plazan egingo dute, eguraldiak ez badu lekualdatzen; euria egingo balu, Lan Berri auzo elkartearen egoitzan eskainiko lukete filma. Batera edo bestera, bakoitzaren etxetik manta eta aulkia hartu, eta filmaz gozatzera animatu dituzte auzokideak.
Urriaren 9an, berriz, auzoaren iragana ezagutzeko aukera izango dute auzokideek, Iosu Tellabide historialaren bitartez. Lan Berri elkartearen lokalean hitzaldia, solasaldia eta jatekoa egongo dela iragarri dute aurkezpen kartelean. Kideek azaldu dutenez, auzoan eragin asmoz sortu dute taldea, baina Donostiako euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte euskara indartzea helburu duen espazio eta jardueretan parte hartzera.