'El caserío' zarzuelaren hiru saio eskainiko ditu Sasibill elkarteak, bere 25. urteurrenean
Sasibill Elkarte Lirikoak 25 urte bete ditu, eta, urteurrenaren bueltan, El caserío zarzuela taularatuko du Donostian, hiru egunez. Zehazki, abenduaren 20an, 21ean eta 22an izango dira emanaldiak, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian; sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen.
Euskal usadioetan inspiratutako obra da El caserío. Santi pertsonaiaren baserriaren bueltan garatzen da zarzuelako istorioa, Donostia Kulturak azaldu duenez: “Ana Mari eta Jose Migel ilobekin bizi den gizon heldu bat da bera. Euskal baserriak eskatzen duen familiaren jarraipena dela eta, Jose Migel eta Ana Mariren arteko ezkontza posible batean pentsatzen ari da Santi”.
Interpreteak hauek izango dira: Maria Martin Campos sopranoa, Alberto Arrabal baritonoa eta Igor Peral tenorra, Ana Miranda, Klara Mendizabal, Iker Casares, Koldo Torres, Ekaitz Gonzalez de Urretxu, Jon Imanol Etxabe, Arkaitz Mendozak zuzendutako Sasibill orkestra eta korua —Josean Garciaren zuzendaritza artistikoarekin— eta Kresala dantza taldea.
1999an jaio zen
Josean Garciak sortu zuen Sasibill elkartea, 1999an. Ordutik, elkarteak 450 obratik gora ekoitzi ditu eta antzoki hauetan aritu da: Antzoki Zaharra, Viktoria Eugenia, Kursaal¡ Auditorioa, Irungo Amaia Antzokia, Arrasate, Durango, Barañaingo Auditorioa, Bilboko Arriaga, Barakaldo, Logroño, Haroko Breton, Villena, Castelloko Principal, Alcoy, Alacant, Baiona, Miarritze, Spandauko Zitadelle, Berlingo Uferpalais eta Municheko Espainiar Komunitatea.
Urteotan, bestalde, Sasibillekin batera aritu dira Juan Jose Ocon, Jose Luis Eguiluz, Monserrat Font, Tulio Gagliardo, Jose Rafael Pascual, Brunno Membrey eta Arkaitz Mendoza —Sasibilleko zuzendaria 2010etik—. Baita abeslari lirikoak ere: Milagros Martin, Amparo Navarro, Miren Urbieta-Vega, Marife Nogales, Helena Orcoien, Javier Agullo, Andeka Gorrotxategui, Andres Beramendi, Enrique del Portal, Andres del Pino, Alberto Arrabal, Santos Ariño eta abar.