Goya eta Hellboy lotzen dituen iruditeria
35. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urria bukaeran hasiko bada ere, erakusketak lehenago inauguratu ohi dituzte. Horiek bisitatzeko eta horietan barneratzeko denbora gehiago behar izaten da.
Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia Stephane Levalloisen eskutik izenekoa da salbuespena izango. Gaur goizean aurkeztu dute Groseko Okendo Kultur Etxean, eta azaroaren 3ra bitarte ikusi ahal izango da, Okendon ez ezik, Aiete Kultur Etxean ere. Izan ere, bi gune desberdinetan kokatu dituzte erakusketa esanguratsu honen elementuak. Okendon Goyaren presentzia nabariagoa da, eta Aieten Hellboy-rena.
Aurkezpenean, pintorearen eta pertsonaiaren arteko harremana uste baino estuagoa dela adierazi du Asier Mensuro erakusketaren komisarioak. Francisco Goyak munstroak marraztea gustuko zuen, eta horren eredu dira artista aragoiarraren pintura beltzak (1820-1823). Mihise sorta horrek lotura moduko bat du Mike Mignolak sorturiko Hellboy superheroiarekin —1994an argitaratu zuen lehendabiziko komikia—. Lotura horretan sakondu du Stephane Levalloise artista frantziarrak, Mensuroren gidaritzapean.
Goyak sorturiko ikonografia fantastikoari buruzko hausnarketa bat egin du Levalloisek, eskuz marrazturiko artelanetan, munstroei buruzko bere ikuspegia emanez. Goyaren eta Hellboy-ren arteko harremana 99 lan eta ikus-entzunezko batean jaso ditu frantziarrak. Hausnarketa horretarako, artistak Madrilgo Prado museoan marrazteko aukera izan zuen, Goyaren artelanen aurrean.
Horrez gain, Mignolak bi ilustrazio goieskorekin parte hartu du erakusketan: In the Chapel of Moloch Hellboy-ren abenturaren azala eta pertsonaia horren ilustrazio bat, Atropos edo Las Parcas mihisea omentzen dituena.
Erakusketaren argazki bilduma segidan ikus dezakezue: