«OCC lasterketako emaitzak Zegama-Aizkorriko arantza ateratzeko balio izan dit»
Bere kirol ibilbideko bi urterik gogorrenak igaro berri ditu: iaz, lesio batengatik ez zen aritu Zegama-Aizkorri kutunean; aurten, berriz, pneumonia batek eragotzi dio han aritzea. OCC lasterketan laugarren izanda hasi da berriro argia ikusten.
Sara Alonso (Donostia, 1999) San Esteve de Palautorderan (Herrialde Katalanak) bizi da. Bideodeiz izan da elkarrizketa. Ez dira egun asko igaro Chamonixtik itzuli zenetik (Frantzia), eta lasai hitz egiteko gogoz dago. Gozatu egiten du mendi lasterketez hitz egiten. Hitz errazekoa da.
Egun batzuk igaro dira Chamonixko OCC lasterketan laugarren izan zinenetik. Hausnartu duzu lortutakoaz?
Bai. Espero nuen baino askoz hobeto joan zen. Irten aurretik, lehen bosten artean sailkatzea zen nire ametsa. Zorionez, laugarren postuan iritsi nintzen. Oso pozik amaitu nuen.
Zerbaiten falta sumatu zenuen?
Kilometro gehiago entrenatzearena, gehienbat. Oso denbora gutxi izan dut ondo entrenatzeko. Pneumonia izan berri nuen, apiriletik lehiatu gabe nengoen, eta, gainera, lehenbizikoz nindoan horrelako lasterketa luze batean lehiatzera. Ezin nuen gehiago eskatu. Distantzia, oro har, gustatu zitzaidan. Lasterketa laburragoetan beti dena emanda joan behar izaten dugu, eta honetan, berriz, lasaixeago ibiltzeko aukera izan dut. Indarrak gordetzea eskatzen du, erritmoa ere kontrolatu egin behar da… Maratoi distantzian ondo moldatzen naizela erakutsi dut. Honetara ere ondo moldatu naitekeela iruditzen zait.
Aurreko bi hilabeteak oso gogorrak egin zitzaizkizun?
Pneumonia pasatu eta gero, ekainaren 17an eman zidaten baimena berriro ere korrika hasteko. Hasi eta gutxira, OCC lasterketan aritzeko sailkatu behar izan nuen, tibialean izandako arazoak ere bistaratu ziren, eta beste zazpi egunez geldirik egon behar izan nuen. Bost aste eta erdi nituen lasterketa egunerako. Egunero errezatzen egon nintzen, baina, zorionez, aste hauek bikain joan ziren. Hasieran, ez neukan lasterketa hau egiteko asmorik: aurreragorako utzi nahi nuen. Halere, ikusita ez nintzela Zegama-Aizkorrin aterako, lasterketa hau jarri nuen helburu nagusi gisa. Ezustean, motibazioz gainezka ikusi nuen neure burua.
Elkarrizketa hau Berria egunkariaren bidez ekarri dugu. Berriaren webgunean jarraitu dezakezue osorik irakurtzen.