PPk frankismoaren biktimen monumentua kentzeko eskatu du, altxamendu faxistan parte hartu zutenen izenak gehitzen ez badira
Donostiako Udalak gaur eztabaidatuko du Alderdi Popularrak egindako eskaera. Borja Corominasen alderdiak eskatu du frankismoaren biktimak omentzeko eskulturan 36ko gerrako “biktima guztiak” gehitzea, edo, berau erretiratzea.
Uztailetik dator egitasmo polemikoa. PPren inguruko hainbat intelektualek idatzitako gutun ireki batean eskatu zuten 1936ko irailaren 13tik aurrera izandako biktimez gain, uztailaren 18tik aurrerakoak ere aintzat hartzeko. Hain zuzen, hor sartzen dira, batez ere, altxamendu faxista egin zuten militar eta militante frankistak. 250 lagunen zerrenda erraztu dute.
Gutunean nabarmentzen denez, Memoria Demokratikoaren Legearen arabera gerran bizia galdu zuten pertsona “guztien” memoria zaindu beharko litzateke, zer egin zuten axola gabe. Horregatik, kolpisten izenak memoriaren monumentuan jartzeko edo, bestela, Dual monumentua kentzeko eskatzen dute sinatzaileek. Hauek dira, besteak beste, sinatzaileak: Guillermo Gortazar, Iñaki Anasagasti, Ramon Rabanera, Iñaki Ezkerra, Fernando Savater eta Jon Juaristi.
Amaia Mateos Valienteren Dual eskultura 2014ean inauguratu zen, Juan Karlos Izagirreren agintaritzan. Hain zuzen, iritzi artikulu bat argitaratu du alkate ohiak, biktima horien aitortza eta memoria errespetatzeko, eta ez desitxuratzeko eskatuz.
400dik gora errepresaliatu
Donostian, uztailaren 20an egin zuten kolpea faxistek, baina, ordurako, militante errepublikazaleak antolatu egin ziren eta barrikadak prestatu zituzten hiri osoan zehar. CNT sindikatu anarkistaren parte hartzeari esker, batez ere, lortu zuten faxistak geratzea, eta uztailaren 28an amore eman zuten. Bi hilabetez Donostiako Komuna gisa ezagutu izan dena antolatzen saiatu ziren arren, irailaren 13an, hirira sartu ziren frankistak eta sekulako sarraskia burutu zuten, 400dik gora errepublikazale donostiar erailez. Ehunka izan ziren atxilotu, torturatu eta espetxeratuak.
EPAIKETAZ KANPOKO EXEKUZIOAK (477)
- Donostian jaioak: 74 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostiako bizilagunak: 196 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostian jaioak eta bertako bizilagunak: 59 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostian exekutatuak, donostiarrak izan gabe (ez jaioak eta ez bizilagunak): 148.
EXEKUZIO SUMARISIMOAK: HERIOTZA ZIGORRA (110)
- Donostian jaioak: 24 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostiako bizilagunak: 61 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostian jaioak eta bertako bizilagunak: 15 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
- Donostian exekutatuak, donostiarrak izan gabe (ez jaioak eta ez bizilagunak): 10.