Zinemaldian zer ikusi? Gida labur bat hemen
600 film emanaldi baino gehiago izango dira bihartik hasita datorren larunbatera arte 72. Zinemaldian. Denborarik izan ez baduzu, hona hemen datozen egunotan topatuko duzunaren laburpentxo bat.
Zinemaldiari aurre egiteko moduetan bi donostiar mota daude: batetik, topa ditzakegu azken hiru asteak krokisak egin eta egin dabiltzanak. Excel taula aurrean, goizeko saioa eguerdikoarekin nola lotu pentsatzen dutenak, arratsaldekoa eginda, gauekoa nola uztartu pentsatzen dabiltzanak, eta azkenean, hamaika buruhausteren ondoren, egunean lau edo bost film ikustea lortzen dutenak.
Bestetik, badaude Zinemaldia interesgarria dela iritzi dutenak, baina ez dutenak batere denborarik eskaini plan maisu bat egiteko. Horiek, azken orduan, sarrera libreren bat topatzen badute, eta lagun batek hala gomendatu badie, animatuko dira ikustera pelikularen bat edo beste.
Bigarren taldean bazaude, eta azken orduko gomendioak nahi badituzu, zerrenda hau baliogarria izango zaizula espero dugu.
Sail Ofiziala
Sail Ofizialean, jakina da, batzen dira Urrezko Maskorrarengatik lehiatuko direnak. Euskal filmik ez da hemen, baina Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra pertsonaia nagusia duen filma bai: Los Destellos. Bere senar ohi eta alabaren aita den gizona gaixotu, eta zaintzari nola aurre egiten dion ikusiko dugu, halako drama pausatu batean. Emmanuelle filmak zabalduko du sekzioa, Audrey Diwan zuzendari frantsesaren eskutik. «Galdutako plazer baten bila» Hong Kongera bidaiatzen duen emakume baten istorioa dugu.
Izen handi gehiagorik ere bada Sail Ofizialean: Kiyosi Kurosawaren Heibi No Michi —ez du Akira Kurosawarekin ahaidetasunik—, Costa Gravas zinema politikoaren mitoaren Le Dernier Souffle, Ken Loach berria dela dioten Laura Carreira portugaldarraren On Falling eta Gia Coppolaren The Last Showgirl, Pamela Anderson aktorearekin. Sail Ofizialean izango da ere polemika piztu duen Tardes de Soledad, zezenketei buruzko dokumentala.
Zuzendari Berriak
Zuzendari Berrietan, C. Tangana musikariaren lehen lana dugu bihar: La Guitarra Flamenca de Yeray Cortés. Euskarazko pelikula bakarra dugu hemen, Azken Erromantikoak, David Perez Sañudo bilbotarrarena. Irunen kokatua dago, bertako emakume langile baten —Miren Gaztañaga— bizipenak pantailaratuz.
Brûle le Sang filmak (Akaki Popkhadze, Georgia) arreta deitu du dagoeneko, Nizan kokatutako georgiar familia baten mendekuari buruzkoa. Regretfully At Damn (Sivaroj Kongsakul, Thailandia) eta Stars and The Moon (Yongkang Tang, Txina) filmek bihotza lapurtuko diguten itxura osoa dute, eta Turn Me On-ek (Michael Tyburski, AEB) pentsaraziko digula. Hona sinopsia: egunero pilula bat hartzeari esker giza emozioen eragozpenak desagerrarazi dituen komunitate batean, bikote gazte batek pilula hartzeari utzi eta maitasuna, alaitasuna, sexua eta horiek dakarten guztia deskubrituko du.
Euskal Zinema
23 izango dira euskal partaidetza izango duten filmak, ordea, horietatik hamahiru soilik izango dira euskara hutsez, edo tarteka euskaraz. Hona hemen zerrenda: Azken Erromantikoak, David Perez Sañudo (Zuzendari Berriak); Ciento Volando, Arantxa Agirre (Zinemira); Dinosaurioak, Koldo Almandoz (Zinemira-Kimuak); Erreplika, Pello Gutirrez Peñalba (Zinemira); Exergo, Jorge Moneo Quintana (Zinemira-Kimuak); GO!AZEN, Itziar Gomez (Belodromoa); Indarkeriaren Oi(h)artzunak, Amaia Merino eta Ander Iriarte (Zinemira); Itsatsita, Jon Rodriguez (EITB Gala); Los Williams, Raul de la Fuente Calle (Zinemira); Senda, Mikele Landa Eiguren (Ikusmira Berriak); Ulysses, Hikaru Uwagawa (Zabaltegi-Tabakalera); Utländsk, Alba Lozano (Zinemira-Kimuak); eta Zortzitik infinitura, Naia Laka Arrizubieta (Zinemira). Animaziozko euskal film bat ere izango da: Etorriko da (eta zure begiak izango ditu), Izibene Oñederra azkoitiarrak zuzenduta.
Atzera begirakoak
Sail gehiago daude, noski, baina azken gomendioak aurtengo bi berezitasun izango dira. Batetik, Atzerabegirakoa. Italia Biolentoa izango da, eta 1943tik 2023ra bitarte, mafiaren, lapurren eta Poliziaren arteko gatazkak erakutsiko dira, baita indarkeria politikoa ere, Brigada Gorrien inguruko bi filmekin (Il Caso Moro eta Buongiorno, Note) .
Kuba ere izango da Zinemaldian, En La Otra Isla zikloan. 1960ko hamarkadan, Kuba iraultzailean egindako hainbat film labur jasoko dira, batez ere, Nicolas Guillen Landrian eta Sara Gomez zuzendarienak.
Eta klasikoekin amaitzeko, bihar, Tasio filmaren 40. urtemuga ospatuko dute, edizio berrituarekin eta Montxo Armendarizi saria banatuz. Ez da gutxi.
Bonus track: Zinemaldi Alternatiboa
Jakina da, etxe honetan Zinemaldi Alternatiboaren jarraitzaileak ere bagarela. Eta ez genuke gonbidapenik egin gabe amaitu nahi, filmak ikusteaz gain, eztabaidek elikatzen baitute irudimena gogo biziz. Hona hemen egitaraua osorik.