Federico Garcia Lorcako autobus geltokia aldatzeko aukera "egingarriak" daudela dio EH Bilduk
EH Bilduren ustez, “aukera egingarriak” daude Federico Garcia Lorca pasealekuko geltokia aldatzeko. Irtenbidea Azahara Dominguez mugikortasun diputatuaren esku dagoela diote. “Zergatik ez da posible akordioa?”, galdegin du udal taldeak.
Lurraldebuseko E-21, UK-09 eta UK-10 lineek Federico Garcia Lorca pasealekuan duten geralekua aldatzeko proposamenak mahai gainean egon arren, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia ez dira gai izan ados jartzeko EAJk eta PSE-EEk koalizioan bi erakundeak gobernatu arren.
EH Bilduk udalean egindako interpelazio bati esker jakin ahal izan duenez, Donostiako Mugikortasun Sailak hiru aukera jarri zizkion mahai gainean aldundiari. “Gehiago jakin nahian, eta bizilagunak barnebiltzen dituen Urumea auzo elkartearekin dugun konpromisoari helduz, Batzar Nagusietan Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuari zuzendutako ahozko galdera erregistratu dugu datorren urriaren 9ko osoko bilkuran erantzun dezan”, azaldu du EH Bilduk. “Ez da ulergarria uztailetik Donostiako Udalak emandako aukeren inguruan erabakirik hartu ez izana”, deitoratu dute.