Jose Antonio Gaskak sustaturikoak badirau
Askatuak saskibaloi klubak 50 urte beteko ditu aurten. 1975ean sortu zuten, eta Gaska izan zen hainbat urtez entrenatzailea eta presidenteordea. Saskibaloiaren alde egindako lanarengatik haren izena du Atano III.a pilotalekuaren ondoko udal kiroldegiak.
Donostiako eta Gipuzkoako saskibaloiaren izen propioetako bat da Askatuak kluba. Baita haren sustatzaile nagusia ere: Jose Antonio Gaska Burges (Donostia, 1936-1982). Kirolzale eta sustatzaile amorratua izan zen, eta saskibaloiaren bidetik jotzea erabaki zuen. Donostiako Atletiko klubaren sortzaileetako bat —Club Cantabrico gisa eratu zena, 1958an—, presidentea eta saskibaloi ataleko arduradun nagusia izan zen. Ordea, saskibaloi entrenatzailea izan nahi zuen, eta Frantzian teknikari moduan esperientzia pilatu ondoren, Donostiara itzuli zen. Orduan erabaki zuen hiri mailako saskibaloi talde profesional bat sortzea.
1975ean, saskibaloi zale amorratu batzuek Dicoproga kluba sortu zuten. Gaska izan zen sustatzaile nagusiena, beste hainbatekin batera: Iñaki Almandoz, Fran Otxoa, Jose Maria Zumalde eta Alberto Cifuentes. Taldearen oinarria Errenteriako Don Bosco taldea izan zen. Espainiako saskibaloiaren bigarren mailan jokatzeko plaza bat lortu zuten, baina babesle bat behar zuten erronkari aurre egiteko. Orduan, Gaskak Promosport enpresa sortu, Don Boscoren plaza erosi eta Dicoproga enpresaren babesletzarekin, aurrera egitea lortu zuen. Don Boscoko eta Donostiako Atletikoko jokalariekin, eta Ed Robota estatubatuarrarekin, besteak beste, estreinako denboraldi bikaina egin zuten. Horri esker, lehen mailara igotzea lortu zuten.
1976-1977ko denboraldian egin zuten debuta lehen mailan Dico’s izen berriarekin. Sasoi hura ona izan zen klubarentzat, eta bosgarren tokian bukatu zuten liga. Ordea, babeslerik gabe geratu ziren. Espainiako trantsizioaren garai betean, Donostiako klubak Askatuak izena hartzea erabaki zuen. Garai politikoaz harago, izen hori hartzeko arrazoietako bat izan zen klub askea eta independentea izan nahi zutela. Era berean, ez zeuden konforme Espainiako Saskibaloi Federazioaren funtzionamenduarekin; batez ere, Gaska. Deitura berriarekin, 1977-1978ko denboraldi txukuna egin zuten. Gaskak fitxaturiko Essie Hollis jokalari estatubatuarra erabakigarria izan zen.
Krisi ekonomikoa
Goranzko joera kolpetik eten zen Askatuak klubarentzat. Arazo ekonomikoek eta fitxaketa garestiek nabarmen zigortu zuten kluba. Bigarren mailan aritu ziren 1978-1979ko sasoian, eta egoerari buelta eman ezinda jarraitu zuten hurrengoan ere. Pilaturiko zorrarengatik, hirugarren mailara jaitsi zituzten. Gaskak Espainiako Saskibaloi Federazioarekin zuen harreman txarraren ondorioa izan zela jaso zuten garaiko hedabideek.
Hori dela eta, Gaskak entrenatzaile lanak utzi eta bulegoko lanarekin jarraitu zuen. Estatuko saskibaloia modernizatzea zuen helburu, eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren egiturak aldatzen eta berritzen ahalegindu zen. Urtetako lanaren fruitua 1982an jaso zuen, Asociacion de Clubes de Baloncesto (ACB) sortu zuenean. Hau da, egun indarrean dagoen Espainiako saskibaloi elkartearen sustatzailea izan zen, Eduardo Portelarekin batera.
Ezusteko heriotza
Jose Antonio Gaskaren bizitza eta ibilbidea ezustean eten zen. Askatuak klubeko haurren partida bat ikusten ari zela, gaizki sentitu, eta garun isuri bat izan zuen. 1982ko abenduaren 7an zendu zen ospitalean, 45 urte zituela. Hamar urte beranduago, 1992an, Anoetako udal kiroldegiari izena aldatu zioten, haren omenez. Ordutik, Gaska kiroldegia hiriko hainbat talderen kirol pista da. Besteak beste, Ibaeta Basket, Bera Bera eta Askatuak.
Askatuak klubak herenegun jokatu zuen 50. urteurrena ospatzeko lehen lagunartekoa, Bilbo Basketen aurka. Noski, partida Gaska kiroldegian izan zen.