«Komertziala ez bazara, oso espazio gutxi duzu euskal eszenan»
Nuria Culla musikari donostiarrak (Intxaurrondo, 1994) 'Hamaika Gau' bere lehen lan luzea argitaratu berri du. Musikenen jazz ikasketak egin ostean, poparen eta jazzaren artean nabigatzen ibili da.
Zer da, pop disko bat edo jazz disko bat?
Nik esango nuke popa dela, baina jende askok esango du jazza dela. Jazz askorik entzuten ez baduzu, pentsatuko duzu jazza dela, eta jazza gustatzen bazaizu, popetik gehiago duela irudituko zaizu. Erdian kokatzen naizela uste dut. Besterik ere badu, ukitu elektronikoa duen bossa nova bat, kantu akustikoa…
Eroso zaude bertan?
Erdian kokatze horrek arazoak dakartza batzuetan. Jazz lokaletan jazza ez dela esaten dute, eta jaialdi komertzialagoetan ez dute salgarria ikusten.
Zergatik kokatzen zara hor erdian?
Popa betidanik egin dut —aurreko diskoa, adibidez—. Musikenen sartu nintzenean, ordea, ikasten ari nintzen teknikekin eraldatu nituen nire kantuak. Asko gustatu zitzaidan eta hasi nintzen deskubritzen souletik eta pop sofistikatuago batetik ari ziren taldeak, horren sinpleak ez zirenak, betiko lau akorde berdinekin, betiko tempo berdinekin… Hori gustatzen zait niri: abesteko erraza den musika, baina ez dena horren aurreikusgarria. Aldaketak egotea kantaren barruan, eta entzulea harritzea.
Musikenen ikasteak mundu berri bat ireki zizun, beraz?
Erabat. Nik, berez, zuzenbidea ikasi nuen. Abokatua izateko master batean nenbilen Logroñon, eta bertan, EP bat egin nuen. Konturatu nintzen ez nituela nahikoa erreminta teoriko eta apur bat mugatua sentitzen nintzen. Orduantxe, ezkontza batean jotzen ari nintzela, musikari batek esan zidan Musikenen jazza ikasteko. Ez nuen sekula pentsatu hori egin nezakeenik ere. Probak handik lau hilabetera ziren, eta txiripaz bada ere, gainditu nituen.
Baina sarbidea ez da erraza, ezta?
Esango nuke instrumentuetan zailagoa dela, bai. Ahotsetan, askotan, jendea sartzen da Operacion Triunfo izango balitz bezala, formazio askorik gabe. Nik gitarra jotzen nuen, harmonia nekien, eta hirugarren gelditu nintzen… Hori bai, ikasturtea hastean, pilak jarri behar izan nituen!
Nola planteatu zenuen diskoa?
Estilo asko nituen, eta kanta bakoitzean erreferentzia bat bidali nion teknikariari: kantu honetako soinu hau, beste honetako hau… Musikariei ere nik neuk esan diet zer egin behar zuten. Musikari profesionalak dira, eta hau ez da, oraingoz behintzat, haien lehentasunezko proiektua. Beraz, diskoaren konposizioan nik egin dut gehiengoa; partitura gehienak aldez aurretik idatzi ditut eta haiei banatu dizkiet. Haizezko sekzioan nire bikotekideak lagundu nau, bera ere musikaria baita.
Zer kontatu nahi duzu musikaren bidez?
Ez da gauza bakarra. Nire bizipenak eta sentimenduak musikaren bidez ateratzea lortu nahiko nuke. Disko hau etapa baten amaiera da, azken urteetako nire musikari ibilbidearen ondorioa. Bizipen konkretuek jendearekin konektatzen dutela uste dut, eta hori bilatu nahiko nuke. Bada kanta bat, ezberdinena, ametsetatik abiatu nintzena: egunero, jaiki bezain laster, ametsak idazten nituen, eta horiekin egin nuen Puerto Rico abestia.
Kantu on batek zer eduki behar du, zure ustez?
Orokorrean, aurreikusgarria ez izatea. Erritmo aldetik beti berdina ez izatea espero dut, mozketak eta aldaketak egotea. Ahotsean ere arreta handia jartzen dut.
Euskal Herriko eszenarekin zer harreman duzu?
Sentsazioa dut euskal izen handi gehienak estilo oso berdinetan mugitzen direla. Komertziala ez bazara, oso eremu gutxi duzula iruditzen zait.
Esango nuke Musikeneko musikari askok ez dutela hiriarekin harreman handiegirik. Horrela da?
Bai, askotan bai. Askotan oso eremu itxian mugitzen gara. Kanpotik jende asko etortzen da, eta asko ez dira Antiguatik mugitzen. Haien artean egun osoan entseguak egiten, eta gero haien artean elkartzen. Talde horietatik kanpo mugitzen hasten direnak bai hasten direla sareak eraikitzen, proiektuetan parte hartzen…
Euskal Herriko jazz jaialdirik handiena dugun arren, ez dago kasik jazz eszenarik hirian, ezta?
Jazzaldian urtero talde berdinak ekartzen dituzten sentsazioa dut: Diana Krall, Gregory Porter, Marco Mezquida, Silvia Perez Cruz… Lehen sarrera guztiak erosten nituen, baina jada aspertzen nau. Hondartzako kontzertuez ere ez dut ezer esango, ulertzen dut jende guztiarentzat direla, baina… oso mugatua dago, eta irizpideak ez dira oso argiak.
Eta hiriko eszenari dagokionean, orain Altxerri itxi dutela, zer esanik ez! Tabernetan ezin da jo, Dokaren moduko aretoak jada ez daude… ezinezkoa da ezer antolatzea baimen eta soinuagatik. Eta dirudienez, Altxerri ez da itzuli, milioi bat euro eskatzen dute jabeek! •