Superkopan erakutsitako maila da bidea
Bera Berak Elxen pistan jokatuko du bihar, eta bi taldeek presente izango dute Portugalen jokaturiko finala.
Denboraldia ez ezik, liga ere primeran abiatu du Bera Bera eskubaloi taldeak. Iazko tituluak irabaziz berretsi, eta Europan urratsa egitea dute helburu. Horretarako, taldeak prestaketa lan ona egin duela dirudi. Iraila hasieran, Portugalen jokaturiko Superkopa Iberiarra eskuratu zuten, finalean Elx mendean hartuta. Bihar, berriz ere aurrez aurre izango dute aurkari berbera, baina ligan (19:00). Alde nabarmenarekin irabazi zieten Superkopako finalean, eta emaitza bera lortzen ahaleginduko dira.
Futbolean, Realeko neskek sasoiko lehen partida irabazten ahaleginduko dira. Levante izango dute aurrean, Jose Luis Sanchez Vera txuri-urdinen egungo entrenatzailearen talde ohia. Beraz, partida berezia izango da, eta irabaztea besterik ez dute txuri-urdinek, orain arteko bi porroten ostean. Mutilek, berriz, bolada kaskarra eteteko aukera paregabea dute Valladoliden zelaian. Seigarren jardunaldiko neurketa izango da, Europako hitzorduaren atarian. Irabazteak baino ez dio balio txuri-urdinei.
Belar hockeyan, sendo abiatu du denboraldia Realak, eta golak egiteko erraztasun berarekin jarraitzea izango dute helburu etzi, Zubietan. Taburienteren bisita izango dute txuri-urdinek, eta taldearen indarrak neurtzeko aproposa izango da. Batez ere, Reala noraino irits daitekeen jakiteko.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Levante – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen liga, 6. jardunaldia
- Valladolid – Reala (bihar, larunbata, 14:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Elx – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Reala – Taburiente (etzi, igandea, 12:00)