'Brûle le sang': Niza turistikoaren dendaostean geratzen dena
“Nizako langile auzo batean, komunitate georgiarreko pertsona ezagun bat erail dute, mafioso errusiar batekin konfundituta. Hildakoaren semeak, Tristanek, apaiz ortodoxoa izan nahi du, eta bere ama atsekabetuaren sostengu bakarra da. Tristanen anaia nagusiak, Gabrielek, iragan istilutsua du, eta luzaroan erbestean egon ondoren, mendekatu eta familiaren ohorea berrezartzeko itzuliko da”. Sinopsi horrekin, erdia egina du Akaki Popkhadze zuzendariak.
Gidoi horri topikoetan erori gabe eustea zaila den arren, ederki eramaten du aurrera Brûle le Sang Popkhazadek, mendekuari bere bidea erraztuz. Noski, mendeku batek beste mendeku bat dakar, eta konturatzeko, Nizako mafia guztiak nahastuta topatzen ditugu: frantsesak, bulgariarrak, errusiarrak eta georgiar gizajoak.
Familiaren drama erakusteaz gain, georgiar komunitate barruan dauden bi komunitateren arteko talka da filmaren muina: tradiziora eta erlijiora lotuta dagoena, batetik, eta krimen antolatura lotuta dagoena, bestetik. Hain zuzen, Gabriel anaia zaharrenak, hamar urte darama etxetik kanpo, droga mugitzen zuela eta. Oraindik, inork gutxi barkatzen dio komunitatean trapitxeatzen ibiltzea, aitaren hiletan ere ez.
Gizonak gizonarena egiten
Lau eszena biblikotan banatzen da filma, eta aldrebestu baino ez da egiten eszena bakoitzean. Ikusten duguna lehendik ere ikusi dugu: gizonak gizonarena egiten. Honi faborea egiteko jipoi bat hemen, hildako bat han, beste hildako bat hemen… Ez da film odoltsua, baina azkar igotzen da biolentzia maila.
Gizonen emozioak gizonki erakusten dira: soilik amorrua eta erra. Ez da tristeziarik, inor ez da erortzen, inor ez da zaurgarria. Denak gogorrak.
Ez da errepresentazio hutsa. Tamala den arren, Europako ekialdeko gizontasun ereduan arrakala gutxi (oso gutxi) topatzen dira oraindik. Levan Akinen Da cven vicekvet (And Then We Danced) filmean ikus dezakegu ederki. Eta topikoetan erori ez gaitezen, Europaren mendebaldean, ekialdean, hegoaldean eta nahi beste latitudetan, ez gaude suzirietarako ere.
Filmaren kolorea da nahasi egin nauen bakarra. Golden hour konstante bat, bideoklip frantsesaren dardara prefabrikatua. Baina akaso hori dugu mezua: Niza turistikoaren dendaostean geratzen dena; drogak eta biolentzia.
A, noski, eta gizonek gizonarena egin ostean geratzen dena: ama, etxeko sukaldean, bakar-bakarrik.