Javier Bardemek badu bere Donostia Saria
Urteroko legez, irri errazen eta jantzi garestien artean igaro da 72. Zinemaldiko inaugurazio ekitaldia. Andreu Buenafuente eta Berto Romero komikoek eta Barbara Goenaga aktoreak aurkeztu dute gala. Umorea ez zaio falta izan eta, besteak beste, turistifikazioaren, zinema argentinarraren eta sarien aipamenik ere izan da.
Bardemek ezin izan zuen Donostia Saria jaso aurreko edizioan, Hollywoodeko gidoilari eta antzezleen grebagatik, baina aurten itzuliko zela agindu zuen ohorezko sari gorena jasotzeko adiskidetzat jotzen duen zinema jaialdi batean. “Maila pertsonalean eta profesionalean hainbeste eman didan zinema jaialdi honen maitasun guztiarekin jasotzen dut saria”, hasi da eta, besteak beste, Bigas Luna, bere ama, Monica arreba eta Carlos anaia izan ditu gogoan (azken bi hauek oholtzan egon dira berarekin batera).
Juan Carlos Corazza interpretazio-maisuari ere eskerrak eman dizkio, saria eman diolako eta aktorearen lanak “egiarekin eta zintzotasunarekin” lotura duela erakutsi diolako; izan ere, “manipulatzearen kontrakoa da eta gardentasun eta biluztasun leku batetik egin behar da lan hori”.
Galan, Javier Bardemen mugarri garrantzitsuenak ekarri dira gogora —Oscar saria, Urrezko Globoa, BAFTA saria eta Goya saria ditu, beste batzuen artean—, baina, bere ibilbide arrakastatsuaren hasieran jaso zituen sariak nabarmendu dira batez ere. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldian, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1994an Imanol Uriberen Días contados filmarekin eta Gonzalo Suárezen El detective y la muerte filmarekin. Zinemaldiaren 71. edizioaren kartelaren protagonista izan zen Bardem, eta Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena jaso duen Espainiako zazpigarren pertsona da. Besteak Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008), Carmen Maura (2013), Penélope Cruz (2019) eta Víctor Erice (2023) dira.