'Memoir of a snail': haurtzaroa izateko eskubidea, barraskiloak eta oskolak erretzea
Argi dago animaziozko film guztiak ez direla umeentzat, zinema aretoan beti baten bat sartzen den arren. Adam Ellioten Memoir of snail (barraskiloaren memoria) ez da haurrentzat, kontatzen duena ez delako ulertzeko erraza: depresioa, haurren kontrako tratu txarrak, gaizki daudenez aprobetxatzen diren bihotzgabeak, heriotza, bakardadea, autoestimu falta…
Tira, eta gehiago ere bada: anai-arreben maitasun esplika ezina, adinik ez duten laguntasunak, animaliak eta, denborarekin, nork bere bidea egiten asmatzea. Film eder honek hori guztia dakar, tonu grisean egindako stop motion zoragarrian.
“Bizitza madarikatua”
Grace eta Gilberte anai-arrebek ama galdu dute lehenik, aita ondoren. Zerbitzu sozialek Australiako bi estatu ezberdinetan dauden familietara bidaltzen dituzte. Bata, sekta ultraerlijioso batera, bestea, desira sexuala erdigunean duen eta autolaguntza liburuen zaletu den bikote zaporegabera. Bi ume gris eta “arraroak” are arraroagoak egiten dira bakartzen dituztenean. “Haurtzaroa ez da betirako, baina mundu guztiak merezi du bat”, esaten dio Gracek bere barraskiloari.
Anai-arreben bizitza miserablea da oso: “Bizitza madarikatua, a ze puzzle inozoa!”, oihukatzen du Gracek. Film honek gogoratzen digu zer garrantzitsua den besteen “motxilak” zeintzuk diren ulertzen saiatzea. Donostian sortu diren tote bag horien gisan, “hemen denok gure trauma eta mobidak dauzkagu”.
Oskolak erre
Isolaturik, bere oskola erraldoi bihurtzen du Gracek, eta, bukaeran, bere babesleku zena bere presondegi bihurtzera heltzen da. Pinky emakume zahar eta ondo bizitzakoak (Fidel Castroren ping-pong arerio eta maitalea?), ematen dio aholkua hiltzerakoan.
Barraskiloak arrautzak jartzerakoan hil egiten dira. Edo bestela esanda, bizitza emateko bizia utzi behar dute. Barraskiloen memoria erabili behar da, eta iraganari su eman behar zaio, oraina bizi dadin. Baina Gracek dakien bezala, autolaguntza liburuek ez dute pitorik balioko. Depresioak eta doluak bere bidea egiten dutenean jaioko da bizi berri bat.