'Soy Nevenka', edo nola bihurtu parodia bat sexu eraso bat
Kasua oso ezaguna da: Nevenka Fernandez zinegotziak Ismael Alvarez alkatea salatu zuen, sexu jazarpena egiteagatik. 2001a zen, Ponferrada (Leon, Espainia) eta orain harrigarria iruditu dezakeen arren (edo ez hainbeste), inork ez zuen Nevenka sinistu.
Iciar Bollainen filmean gauzak argi utzi nahi dira: Ismael politikari boteretsu, ustel eta boterezalea da. Manipulatzaile bat. Zakil zahar bat. Macho iberico bat. Nevenka manipulatzen du eta berarekin hainbatetan oheratzen da, itxuraz, bere gogoaren kontra. Ondoren, zinegotziak ezetz esatean, ez du onartzen eta bizitza ezinezko egiten dio: “Zu putakume bat izan zara nirekin, ni putakume bat izango naiz zurekin”.
Pelikularen lehen ordu eta erdia horretan datza. Zein “putakumea” eta zein koinatua den Ismael Alvarez. Eta hori egia izanik ere, gai serioa dena, meme bihurtzera iristen da pelikulan. Indarkeria matxistaren parodia bat. Eta proba ezin hobea: Antzoki Zaharreko publikoak barre gehiago egin du, haserretu baino. Nevenkaren gurasoek, sinisten ez diotenean, botatzen dituzten astakeriekin; Alvarez mozkortuta eta Nevenka jazartzen ari denean, “barkatuko al didazu” manipulatzailea esaten duenean; Nevenkak mutil laguna duela esaten duenean, eta Alvarezek, “niri hori berdin zait, e”, limurtzailea botatzen dionean; are, Nevenkak izu-ikara bat jasaten duenean, irri urduriren bat atera da aretoan.
Hori gertatzen da erasotzaileak beti besteak direla erakusten ahalegintzen zarenean. Ismael Alvarez PPko politikari ustela, bera da erasotzailea, ez beste inor. Oraintsu Frantzian epaiketara iritsi den Gisele Pelicoten kasuak gauza on bakarra badu, horixe bera da: gizon erasotzaileren erradiografia zabaltzen duela. Eta Soy Nevenka-k, uste dut, kontrakoa lortzen duela.
Herriaren isiltasuna
Filmak zeharkatzen duen beste fenomeno harrigarria da 2001ean matxismoak zuen prentsa ona. Nola Ponferradako herria erasotzailearekin batu zen —erasoa jasan zuenak herria utzi behar izan zuenean—, nola inork ez zion sinetsi eta nola jartzen zuten zalantzan. Benetako emakume bat ageri da filmaren une batean: “Ni ez nau inork jazartzen uzten ez banaiz”. Beraz, kasu honetan azaltzeko falta dena —eta hain zuzen, zinemari esker berreraiki behar dena— ez da nola erasotzen duten gizon boteretsuek, baizik eta nola baimentzen dituen erasoak inguruneak —guk, alegia— egunero-egunero.
Edonola ere, eta filmaren asmo pedagogikoa bi ahoko ezpata den arren, pelikularen amaieran, Nevenka Fernandezen adorea erakustea itzela da —musika epikoarekin lagunduta, ikuslea nahastu ez dadin—, eta epaiketa amaieran kazetari bati ematen dion erantzunaren eszena errepikatzea:
-Nevenka, zer esango zenieke zure egoera berean daudenei?
-Ez daitezela isilik gelditu; kontatu dezatela.