Udalak bi plaka jarri ditu, ETAk hildako Antonio Pastor eta Moises Cordero Guardia Zibilen omenez
Donostiako Udalak plaka bana jarri du gaur, Antonio Pastor eta Moises Cordero Guardia Zibilen omenez. ETAk hil zituen bi agenteak 1979ko uztailaren 28an, Herrerako kuartel etxean. Honekin 29 dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak.
Ekitaldia gaur izan da, eguerdiko 12:00etan, Herrerako pasealekuko 9. zenbakian. Plakak jartzeko beste ekitaldietan egin den bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.
Antonio Pastor Martin, 24 urtekoa eta Palentziakoa, eta Moises Cordero López, 54 urtekoa eta Isla Cristinakoa (Huelva), Guardia Zibilak ziren eta Herrerako kuartel-etxean zeuden destinatuta. 1979ko uztailaren 28ko gauean, kuartelaren atarian hirugarren guardia zibil batekin zeudela tirokatu zituzten ibilgailu batetik. Hirugarren hori ere tiroz zauritu zuten. Ordu batzuk geroago, Pastor eta Cordero ospitalean hil ziren.
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko plakak
Horrenbestez, Donostiako Udalak hirian “oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko” ekindako bidearekin jarraitzen du.
Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gómez Elosegi, José Ángel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Ángel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos González, Manuel Orcera de la Cruz – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erahilak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Barandiaran Urkola – Poliziak hildako biktima –