'Hebi no michi': sugearen begirada eta mendekua
Hamaika modutan eraman daiteke aurrera mendeku istorio bat. Kiyoshi Kurosawak hautatutakoak hotz utzi ditu batzuk; besteak, bero, baina epel inor ez.
1998an Kurosawak berak egindako film baten remake-a da Hebi No Michi edo Sugearen Bidea. Japoniatik Frantziara mugitu du istorioa, eta yakuzak zeuden tokian haurren organoekin trafikatzen zuen fundazio prestigiotsua. Istorioaren muina da fundazio horrek Alberten alaba bahitu, hil eta organoak erauzi dizkiola. Mendekua nahi du Albertek.
Ospitalean, psikiatria atalean, ezagutuko du Sayoko medikua (Shibasaki Kōren interpretazio hipnotikoarekin). Sayoko hotza da, eta monosilaboekin hitz egiten du, baina ez du zalantzarik egiten. Fundazioko kideak banan-banan bahitzen laguntzen dio Alberti, hauek torturatu, eta behar dena egiten lagunduz. Albert animatu egiten du bide horretan ez etsitzera, “merezi du”, esaten dio.
Albert, mendeku egarriak horditurik, gero eta galduago eta eroago ikus dezakegu. Sayoko, aldiz, gero eta hotzago, “suge begirada” biziagoz. Biolentziaren kate amaigabeak diren filmak ez zaizkit sobera interesatzen, baina Sayokoren magnetismoak filma osoa aguantatzen du, eta ondo aguantatu ere. Baita bere gorrotoak ere: “[gizon] Guztiak berdinak zarete”.
Asko esploratzen da zineman gurasoen mendekua. Inork gutxik defendatuko du egindakoa, baina ulerkorrak izateko eskatuko zaigu, izugarrikeriarik handienak eginda ere. Zer egingo zenuke zuk, zure 8 urteko alabaren hiltzaileekin?
Filma ikusten nuen bitartean galdera hori etorri zait burura. Zer egingo dute Gazako zerrendan hil dituzten 16.756 haurren gurasoek? Tamainako mendekurik jasoko al du inoiz zinemak?