'Quand vient l'automne': orbelaren azpian ere ezkutatu ezin daitekeen iragana
Tolesturen atzean zenbat istorio gordetzen diren. Gai polemikoetan trebea da François Ozon, eta ikusle gehienek espero zuten muturreko egoera batera eramango gintuela. Bada oraingoan, ez. Ez behintzat itxuraz. Orbel usain eta onddo zaporea duen film ederra ikusten ari garela dirudi.
Bost pertsonaia, itxuraz, xumek osatzen dute filma. Eta konturatzerako, haien arteko harremana erabat korapilaturik da. Michellek (Helene Vincent zoragarri bat) Frantziako herri txiki batean ematen ditu bere egunak, erretreta on batekin, naturaz inguratuta, eta bere bizitza osoko laguna den Marie-Claudekin. Xarmantak dira bi emakumeak, bizitza txikia daramate aurrera, atzean utziz gaztetan egindako “bekatuak”. Utzi nahiaz, behintzat.
Ez dute zorte handia izan haien seme-alabekin. Valerie Parisen bizi da, eta ez du ama Michele jasaten. Bere dirua nahi du, baina ez dio ezer eskertzen. Vincent, Marie Clauderen semea, kartzelatik atera berri da, baina inork gutxi uste du ez dela hara itzuliko. Eta erdian, Lucas gaztea, amona Michelen maitasuna behar duena, amarenarenagandik faltan duena jasotzeko.
Familia harremanak eta morala
Seme-alabek amekin duten harremana —kasu honetan ez da aita ezagunik—, amonaren eta bilobaren artekoa, kartzelaren eta drogen eta prostituzioaren artekoak… Borgoinako udazkenaren urre koloreek lasaitasuna ematen diguten arren, zamak handiak dira pertsonaia guztien bizkarretan, eta batetik bestera eramaten gaitu filmak, bikain josiz istorioak.
Eta konturatzerako Ozonek alimaleko dilema etikoak jartzen dizkigu mahai gainean: hilketa bat estaltzea zilegi al da? Eta zure senide bat denean hiltzen dutena… zentzuzkoa da? Irabazien eta galeren zerrenda bat eginez gero, kontuak positiboan ateratzen al dira inoiz? Noren moralak erabaki behar du kalkulua?
Muinean, kosta egiten zaigu gaizki egin duen norbaitek bizitza on bat merezi duela onartzea. Talionen legea, eta begia begiaren truk. Hortik ateratzen denak deseroso jartzen gaitu. Horregatik mozorrotu behar da gaia udazkenaren koloreekin, edo amona xarmantekin.
Filmaren hasieran eman digu pista Ozonek. Maria Magdalenari bere bekatuak barkatuak zaizkio “maitasun handia ematen jakin duelako”. Ondorio txarrak izan arren, on egiten saiatzea delako gakoa. Zeren iraganak ezin du agindu: “Orain guk kontatzen dugu”.