'Azken Erromantikoak': dena ez delako euriaren kulpa izango
Irune Zubizarreta Gonzalez. Bakarrik dagoen emakume langilea. Aita lan istripuz hil zen, ama minbiziz, eta hura hil zenetik ez da bere logela irekitzeko gai izan. Ez eta herritik irteteko ere. Lana, atun eta maionesa ogitartekoak, eskulanen bat edo beste eta bizilagunekin ondo konpontzen saiatzea. Hori da bere bizitza grisa.
Irudimena sobran du, eta sarkasmoa ere, baina bizitzeko gogoak gutxi. Miren Gaztañaga liluragarri batek gorpuzten du emakume langilearen egunerokoa, greba iraunkorrean dauden kideak babestearen eta Osakidetzaren gainbeheraren artean harrapatuta.
David Perez Sañudok hamaika detailerekin eraikitzen ditu pertsonaiak. Istorioak badu bere mamia, baina Sañudok pertsonei buruzko zinema egiten du. Ikusi genuen Ane-n, eta ikusten dugu Azken Erromantikoak-en: otordu eskasak, umore zorrotzak, drama pertsonalak, erreferentzia kulturalak… Gauza txikiekin eraikitzen ditu itzal luze-luzea duten pertsonaiak. Maitemintzeraino.
Miguel Maria Renfeko telefonistarekin zer esanik ez. Wings for Desire edo El Cielo Sobre Berlin-eko aingeruak ekarri dizkit gogora. Aieruz eta aforismoz betetzen dute filma, giro onirikoago bat oparituz: “Kezkak mundua baino azkarrago aldatzen dira”.
Dolua, lan esplotazioa, gaixotasunak, miseria, tratu txarrak, komunitatearen desegitea, langile borroka… denetarik dago pelikula eder honetan, eta bukaera aldera, intentsitatea apur bat jaisten den arren, merezi du amaierako trakak. “Egun batean denari su eman eta pikutara dena”.
Gaztañagaren lan itzelaz gain, Marina Pares gidoigilearen umore zorrotzarentzat ere txalo zaparrada.