Beldurrezko Asteko Gazteen Epaimahaian izena emateko epea, zabalik
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak Gazteen Epaimahaia sortuko du aurten ere Beldurrezko Asterako (urriaren 25etik azaroaren 1era izango da), eta epaimahaikide izateko izena emateko epea ireki dute dagoeneko. 18 eta 30 urte bitarteko 100 lagunek osaturiko epaimahaia osatuko dute, Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango duena. Urriaren 11ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, eta hemen eman daiteke izena.
Gazteen Epaimahaia urriaren 25ean elkartuko da Viktoria Eugenia antzokian, 16:00etan, jaialdira aurkeztutako film laburrak ikusteko eta baloratzeko. Ondoren, kide bakoitzak bere botoa emango du, eta boto gehien jasotzen dituen lanak irabaziko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria; bi epaimahaikidek emango diote saria film irabazlearen egileari.
Ehun lagunek baino gehiagok izena emanez gero, Donostian erroldatutakoek izango dute lehentasuna, eta, beharrezkoa izango balitz, zozketa egingo lukete. Ondoren, hautatutako 100ek baieztatu egin beharko dute urriaren 25eko saiora joango direla; bestela, itxaron zerrendako hurrengo gaztea sartuko da epaimahaian. Bestalde, epaimahaikideek jaialdiko zenbait emanalditara joateko aukera izango dute; urriaren 25eko saioan jakingo dute zein saiotara joan ahalko diren.