Denboraldiko lehena, eta ez azkena
Realak Levante hartu du mendean, eta aurreneko hiru puntuak batu ditu, sentsazioak nabarmen hobetuta.
Lekurik aproposenean lortu zuen Realak denboraldiko lehen garaipena; Levanteren zelaian (1-2). Markagailuan atzetik jarri arren, txuri-urdinek iraultzea lortu zuten Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarraren bi golei esker. Jose Luis Sanchez Vera entrenatzailea bere talde ohiaren kontra aritu zen, eta, ondorioz, partida berezia izan zen harentzat. Gora begira jartzeko garaipena lortu zuten neskek.
Gizonezkoen Realak, berriz, lehengo lepotik du burua. Golik egin gabe jarraitzen du, eta berdinketa triste batekin konformatu ziren Valladoliden zelaian (0-0). Gol aukera garbiak izan zituzten txuri-urdinek, baina badirudi atea txikiegi geratu zaiela. Sheraldo Beckerrek, Jon Mikel Aramburuk eta Orri Oskarssonek gertu izan zuten gola, baina arerioak galarazi zituen. Oiartzabal kapitainak gola egin zuen, baina jokoz kanpokoa adierazi zioten, tamalez. Europa Ligako partidaren atarian, sentsazioak hobetu dira, baina ez gehiegi.
Eskubaloian, Bera Berak huts egin zuen Elxen pistan (33-31). Denboraldi hasiera bikaina zeraman talde donostiarrak, baina neurketaren azken minutuetan galera nabarmena izan zuten. Superkopa Iberiarraren finalean askoz hobeto aritu ziren Elxen kontra.
Belar hockeyan, bigarren garaipena jarraian lortu du Realak, etxeko lehena. Oraingoan, Taburiente hartu zuten mendean (4-2), eta ondo baino hobeto daudela berretsi dute txuri-urdinek.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Levante 1 – Reala 2
Gizonezkoen liga, 6. jardunaldia
- Valladolid 0 – Reala 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Elx 33 – Bera Bera 31
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Reala 4 – Taburiente 2