'Los Destellos': bihotz handiegiak, beti zaintzaileenak
Drama ilun baterako osagai guztiak ditugu mahai gainean Los Destellos filmak: hiltzen ari den senar ohi Ramon (Antonio de la Torre) zaindu behar du Isabelek (Patricia Lopez Arnaiz), haien alaba Madalenek (Marina Guerola) hala eskatuta. Urteak daramate elkar ikusi gabe, eta, bistan da, erabat itxi gabeko apurketa bat bizi izan zutela. Isabelek ez du Ramon zaindu nahi, eta Ramonek ere ez du Isabelen zaintza nahi. Hasieran, behintzat.
Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuin bildumako izen bereko ipuinean oinarritu da Pilar Palomero filma idazteko. Oinarritu egin da, zeren aldaketak bistakoak dira. Euskal Herritik aparte kokatzea, lehenengoa. Bikotearen apurketan politika tarteko zegoen Rodriguezen kontakizunean, eta hemen bestelakoa da testuingurua, Herrialde Katalanetan kokatuz istorioa, eta bertako udazken hasierako urre koloretan.
Palomeroren begirada ez da zentratu apurketaren zaman, baizik eta egoera lehertu denean sortzen diren dilemez. Zergatik zaindu behar du Isabelek Ramon? Rodriguezen ipuinera itzuliz, bada Madalenek mahai gainean jartzen duen ikuspuntu bat: “Ez dakit ulertzen duzun: ez naiz aitari laguntzeko eskatzen ari, niri laguntzeko eskatzen ari naiz”.
Zaintzailea zaintzearen beharrari buruzko pelikula bat delako, besteak beste, Los Destellos. Giro dramatikotik urrun, Isabelek onartzen du, behin bere bizitzaren parte izan zen Ramonen azken egunetan laguntzea, eta, honela, itxi egiten dituzte iraganeko zauriak.
Noski, beti dela emakumea zaintzaz arduratzen dena. Moduak aldatu arren, emaitzak antzekoa izaten jarraitzen du. Bihotz handienak, beti, emakumeenak.
PD: Zapore hobea uzten digu Los Destellos-ek Bihotz Handiegia-k baino. Zelai horian etorkizuna pozez hartzen du Isabelek, bere bikotekide maitagarria den Nachorekin. Ixabelek, aldiz, ernegatuta, jardinean zulo bat egiten du, Ramonen zakur ergel alaena lurperatzeko.