Montxo Armendarizek Euskadiko Filmategiaren saria jaso du, 'Tasio' filmaren 40. urteurrenean
Omenaldiarekin batera, Zinemaldiaren Klasikoak saila inauguratu zuten.
Montxo Armendariz errealizadoreak, Euskadiko Filmategiaren Saria jaso zuen larunbatean, Joxean Fernandez zuzendariaren eskutik. Euskal zinemagintzaren ibilbidean izan duen garrantzi nabarmenagatik omendu nahi izan zuten zinemagile nafarra, bere opera primatik 40 urtera. Hain zuzen, Euskadiko Filmategiak Tasio, bere lehen filma, zaharberritu eta 4K formatuan proiektatu zuen Viktoria Eugenia antzokian, saria eman ostean.
1984ko Zinemaldian aurkeztu zuten Tasio, lehenengoz, eta Sail Ofizialeko kritikaren bigarren saria eskuratu zuen. Elias Kerexeta hernaniarrak ekoiztutako filma izan zen, eta hurrengo euskal aktoreek hartu zuten parte: Patxi Bisquert, Amaia Lasa, Amaia Merino, Garikoitz Mendigutxia, Elena Uriz, Isidoro Fernández eta Paco Sagarzazu, besteak beste. Hain zuzen, aktore horien begiradapean jaso zuen Armendarizek saria: “Tasio egin genuen pertsona guztiontzat, ekitaldi hau oso berezia eta hunkigarria da, duela 40 urte estreinatu zen jaialdi berean egoteak esan nahi duen guztiagatik”.
Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak, bere aldetik, Euskadiko Filmategiak euskal zinemaren klasikoak zaharberritzeko duen borondatea berretsi zuen. Fernandezen arabera, ezin zuten prozesu hau “Tasio ez zen beste film batekin” hasi, euskal zinematografiaren historiarako “funtsezkoa” eta “kalitate zinematografiko unibertsalekoa” baita.
Zuzendariak azaldu zuenez, berritze prozesuaren hasieran egiaztatu zuten ez zutela filmaren kopiarik egoera onean, eta egun zeuden bertsio digitalak degradatu egin zirela. Hori dela eta, filma Boloniako L ‘immagine Ritrovata laborategira eraman behar izan zuten. Zaharberritze lanak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoarekin eta Mercury Filmsen baimenarekin egin ziren.