'Tardes de Soledad': zezenketaren kontrako argudiorik onena zezenketa da
Andres Roca Rey torero perutarra zezenketen izar berria da. Bere adorea, eta hiltzeko beldurrik ezak, plazak betetzera, eta zaleen maitasuna irabaztea ekarri du. Albert Serrak Rocaren eta zezenen arteko harremana islatu du, estetikoki paregabea izan nahi duen dokumentalean. Plano motzak. Isiltasuna. Koloreak. Eta zezenak hiltzen.
Lau dira, gutxienez, bi ordu luze-luzeetan hiltzen dituzten zezenak. Banderilla eta ezpata eta odol eta guzti. Serrak ahalik eta soilen erakutsi nahi du zezenketa, ikusleak disfrutatu edo epaitu dezan. Kursaaleko areto handia husten hasi da lehen ordu erditik aurrera. Eta, gainontzekoak, begiak erdi itxita, deseroso.
Ezerosotasuna da dokumental honen muina. Zezenketaren zaleentzat ere gordinegia den pelikula. Animalien sufrimenduarekin enpatia minimo bat duen edonork nekez jasango du irudi hauen atzean dagoen asmo estetikoa. Mingarriak dira irudiak, eta nekeza filma. “Arren, beste zezen bat gehiago ez” (pentsatu dugu askok bigarrenetik aurrera).
Serrak lortu du inoiz inola ikusi ez ditugun irudiak ikustea. Txunditzea unea batzuetan. Are, ahaztea tauromakiak suposatzen duen tortura krudelak. Zezenak behin eta berriro zerraldo erortzen direnean gogoratzen dugu hori.
Noski, elegantziaz janzten den arren, parafernalia honen guztiaren atzean dagoen gizonkeria eredu kasposoa du jomugan (ere) filmak. Rocaren “adoreaz” gain, bere kuadrillak alaitzen du filma apur bat. Alaitu edo gogaitu. “Ole zure potroak, zure barrabilak, zure zakila, zure gizontasuna” eta abar, eta abar, eta abar. Badakite zer egin behar duten gaztea animatzeko. Gizonak gizonarena egiten beste behin.
Zezenketari gorazarre bat da pelikula. Eta zezenketen kontra dagoena ernegatzekoa.