Gipuzkoa Basket prest dago ligari ekiteko
Donostiako saskibaloi taldeak hastear den denboraldiaren aurkezpen ofiziala egin du Illunben.
Larunbatean abiatuko du Gipuzkoa Basketek Lehen FEB liga —izena aldatu du bigarren mailak—. Betisen aurka ariko dira Illunben, 20:45ean. Hain zuzen ere, leku berean aurkeztu zuten atzo 2024-2025 denboraldia. Jokalariek, teknikariek, klubeko ordezkariek eta agintariek parte hartu zuten ekitaldian. Baita ere, Gipuzkoako hainbat saskibaloi klubetako ordezkariek.
Aldaketak aldaketa, helburu berarekin ekingo diote ligari. Denboraldi ona egin, eta ACB ligako igoera faserako sailkatzen ahaleginduko dira. Horretarako, Mikel Odriozola entrenatzaile donostiarrak talde lehiakorra izango du bere aginduetara: Xavier Johnson, Javier Nicolau, Mateo Diaz, Aitor Zubizarreta, Mads Sturup, Isaac Mayo, Ander Martinez, Manex Ansorregi, Josep Vrankic, Jakub Mokran eta Pape Bocar Sal.