'On Falling': apatia errealismo kapitalistan
“Ken Loach berria” esaten dutenean badirudi ahotsik gabeko norbaiten inguruan ari direla. Gizon batek lehenago egin duena egitera doan emakumea, gainera. Kasu honetan, ordea, inondik inora ere, ahots propioz erakusten baitigu Laura Carreirak lan esplotazio modernoa zertan den.
Aurora migratzaile portugesa da Eskozian (Joana Santos). Amazon izan zitekeenaren gisako enpresa batean egiten du lan, almazenean pickup gisa. “Denbora asko pasatzen dugu bakarrik”, esaten dio buruaz beste egitera doan beste pickupak. Leku berean egiten dute lan, baina ez dute elkar ezagutzen. Nola bada? Laneko kontu guztiak aplikazio baten bitartez egiten dira eta, gerente edo managerrek ere ezin dute ezer egin.
Aplikazioarentzat B 83 45 56 zenbakia da Aurora, aurpegirik ez, sentimendurik ez. Langileen kontrola erabatekoa da: barra kodeak noiz eta nola eskaneatzen den monitorizatzen du aplikazioak, eta apur bat azkarrago lan egiteko eskatzen dio managerrak. Ondo egiten badu ere badu saria: kutxan dauden txokolatinak aukeratu ditzake. Dena dago neurtua, tarteka, “ausazko” drogen testak barne.
Isolamendua
Zer gertatzen da lankideak jada ez direnean lankide? Nor bere lana egiten, aplikazioak nahi duena —hau da, nagusiak, nahi duena— egiten dugun bitartean? Berak ikusten gaitu gu, baina guk ez bera. Gu-rik ez dagoelako.
Errealismoa muturreraino darama Carreirak, eta aspertu egiten gara Aurorarekin. Baina asperdura honek istorioan badu mamirik. Auroraren bizitza miserablean sartzen gaitu Carreirak, eta galdera ezinbestekoa da: ez al da gure bizitza ere, apur bat miserablea? Hilabete bukaeran txanponak kontatzeaz gain, ikusten dugu errutina, nagusiarekiko menpekotasuna, Instagramera adikzioa…
Eta lankideekin izan dezakezun elkarrizketa interesgarriena: ikusitako serieak eta datozen serieak. “Oxala serie berri bat egotea laster”, dio batek. Etorkizunari eskatu diezaiokegun handiena dela dirudi. “Errazagoa da irudikatzea munduaren amaiera, kapitalismoaren amaiera baino”, esan zuen Mark Fisherrek Frederic Jamesoni entzunda. Errealismo kapitalista, alegia.
Gosea pasatu behar du Aurorak, hilabete horretan aurreikusi gabeko gastu bati aurre egiteagatik. Ken Loachen I, Daniel Blake-n ikusten dugu nola Katiek elikagai bankutik janaria hartzen duen, eta zuzenean kontserba latatik jaten duen. Eszena mingarria da, desesperazio bizian ikusten dugulako. Aurorak, aldiz, enpresaren meriendatik muffin batzuk hartu eta komunean jaten ditu. Mina baino, pena ematen digu Aurorak.
Langile esplotazio berriek dakarten apatia ezin hobeto bizi dugu On Falling-en. Orain ikusiko al dugu apatia horri buelta emateko pelikula su-eragilerik?