'Regretfully at Dawn': bizitzaren eta heriotzaren artean dago, hain zuzen, bizitza
“Saguzarrak ederrak dira hegan, beldurgarriak gertu daudenean”. Heriotza bezala. Bizidunen eta hildakoen artean bizi den Yongen istorioa da. Lehenengo aldiz, Thailandiako pelikula bat etorri da Zinemaldira, Sivaroj Kongsakul zuzendariaren opera prima motel eta bikainarekin.
Yongek bere biloba Xiang hezten du, alaba izango balitz bezala. Arrazoia? Bere semea mozkor bat dela, alabaz arduratzeko gai ez dena. Ez da gutxitan joango aitzurtuta etxera, pistola bat eskuan, bere alaba itzultzeko eskatuz. Baina Yong ez da zentimetro bakarra ere mugitzen. Xiang neska azkar eta bizipozaz betea da, eta arrakastatsua ikasketetan (“Inor ez da berezia. Bere tokia aurkitu behar du, besterik ez”). Bizitzaren arrazoia da Yongentzat.
Militar ohia izateaz gain, pertsona arduratsua da, familiaren zaintzailea, baina bada lasai bizitzen uzten ez dion zerbait: “Semea izan naiz gurasoentzat, anaia anaientzat, militarra nire herriarentzat, aitona bilobentzat, maitalea neskalagunentzat, senarra emaztearentzat, (…). Ahal dudan hoberen egin dut… Negar”.
Enigmatikoa eta interpretazioz betea da filma, eta, bereziki, Yong. Zer harreman du Yongek gerran hil zuen Chai lagunarekin? Eta bere emaztearekin? Zer harreman buruaz beste egiten saiatu zen Sak lagunarekin? Sikario gisa faboreak zeini egin zizkion? Zeri dio beldur?
Filmaren bide enigmatikoa gidatzen du Yongen txakur beltzak: Rambok. Txakurrak heriotzaren osteko bizitza ikus dezake, eta egiaren eta ametsaren arteko gidari lanak egiten ditu. Jakina da, txakur beltzak izan ohi direla, mitologia ezberdinetan, bizidunen eta hildakoen munduen arteko gidariak. Yongek, itxuraz, gehiago du hildakoen munduan bizidunenean baino. Baina “bizitzen jarraitu beharra dago”, esaten die bere hildako lagunei.
Hain zuzen Xiang da bere helduleku bakarra. Eta Frantziara bizitzera joaten denean, aspaldiko gaixotasunari uzten dio bere bidea egiten Yongek, azkenean, bere lagun maite Sakekin biltzeko. Bizipozak bizipoz, Yongek badakielako: “Mundua toki nazkagarria da”.