'Stars and the moon': estralurtarrak umeen begiradan
Zinemaldiko Sail Ofizialean, industriako erraldoiak batzen dira, probokazioaren eta mainstream-aren artean. Zuzendari Berrietan, ordea, lan freskoenak eta ausartenak ikusten ditugu, etorkizuneko zinema ez ezik, gaur egungoa hobe islatzen dutenak. Horixe dugu Txinatik datorren Stars and the Moon, bi anaien arteko harreman berezia, Yongkang Tangen zuzendaritzapean.
Txinako barnealdeko herrixka txiki batean bizi dira Xingxing (Star/Izar) eta Yueliang (Moon/Ilargi) anaiak. Desgaitasun mentalen bat dutela eta, zaila egiten zaie bizitzan aurrera egitea, eskola jazarpena dela, eta bestelako lanik egiteko ezintasuna dela. Aita zorrotzaren mende daude, adoptatuak ote direnaren betiereko susmo batean.
Baina ez gaude ohiko drama batean. Xingxinek estralurtarrik ba ote den jakin nahi du, eta anaiak eta lagunek bide zoro horretan laguntzen dute, gauero muinora igoaz berarekin. Anaiaren desgaitasunak une magikoak eskaintzen ditu, estralurtarren liburua eta biblia nahastuz, estralurtarrak aipatzen dituen bakoitzean amen esanez, adibidez. Edo ume txinatar horren memea erreproduzituz, liburuko jakintza burura eramanaz eskuekin.
Baina, noski, estralurtarrak ez dira existitzen (erran nahi da: ez dakigu existitzen diren edo ez), eta herriak, modu batera edo bestera, irri egiten die anaiei eta lagunei. Baina ez du axola, jarraitzen dutelako haien bidean, zoriontasuna eskubide unibertsala delako. Horri buruzko film bat da ere Stars and the Moon.
Bañolet baxenabartar filma etorri zait gogora, esaten dutenean: “Helduak gaiztoak dira, beti guri traba egiten!”. Izan ere, haurrei buruzko film ederra da, haurren edertasunari buruzkoa ere. Bolboraren formula lortzen dutenean ikusten da: herria txunditzeko erabiltzen dute, eta ez gaiztakerietarako.
Ez dakigu hemendik kanpo bizitzarik ba ote den. Ordea, hemengo bizitzaz arduratu beharko ginateke gehiago, haur bakar batek ere ez dezan tratu txarrik jaso sekulan. Wen irakasle jaunak bere hitzak entzun ditzala: “Unibertsoak ez du mugarik, gizakiak, ordea, bai”.