800.000 euro enpresa proiektu berritzaileen hazkundea sustatzeko
Donostiako Sustapenak 800.000 euro jarriko ditu hiriko enpresa egitasmo berritzaileen eskura, Hazkundea programaren bidez. Enpresa proiektu horien garapenari eta hazkundeari laguntzea du helburu, abian jartzeko hasierako fasea gainditu ondoren.
Laguntza horiek hiru ildotan sailkatu dituzte:
- Ekinn Talent programaren bidez, langile kualifikatuak kontratatzen eta Donostiako talentua garatzen laguntzea. Programa horren bidez, lanaldi osoko kontratazioaren lehen sei hilabeteak diruz lagundu ahal izango dira, 15.000 euroko gehieneko oinarrizko zenbatekoarekin. Laguntza handitu egingo da kontratatutako pertsona emakumea bada, 35 urtetik beherakoa, Donostiara itzultzen bada edo doktoratu aurreko kontratua bada. Igoera horiek metagarriak dira, baina laguntzaren zenbatekoa ez da 18.000 eurotik gorakoa izango.
- Balio erantsi handia eta hazteko potentziala duten enpresa txiki eta ertain (ETE) berritzaileen hazkundea erraztea, gastu estrategikoak finantzatuz. 20.000 euro arte eskainiko dira prestakuntza espezializatua, I+G babesa —ikerkuntza eta garapena— eta nazioarteko merkatuen garapena gisako gastuei aurre egiteko.
- Ezagutzaren transferentzia eta hiriko zentro teknologikoekiko konexioa sustatzea, bonu teknologikoen bidez. Bonua 15.500 eurokoa izango da gehienez, eta teknologia eta ikerketa zentro hauek eskaintzen dituzten zerbitzu aurreratuetakoren batez gozatzeko aukera emango du: Ceit, Tecnun, Vicomtech, Tecnalia, Biogipuzkoa, Nanogune eta Biomagune, besteak beste.
“Funtsezkoa da erakundeetatik bultzada bat ematea enpresa proiektu bat abian jarri duten pertsonei. Batez ere proiektu horien garapenaren lehen uneetan, zailtasun gehiago sor daitezkeenean”, adierazi du Ekonomia zinegotzi Ane Oiarbidek.
Eskaerak aurkezteko epea urriaren 30arte irekita egongo da edo baliabide ekonomikoak agortu arte. Eskabideak Donostia Sustapenaren webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.