'Bird': auzo proletarioetarako errealismo magikoa
Andrea Arnold zuzendariak maisulan bat sinatu du. Bird, errealismo magiko pintzeladak dituen Ingalaterrako auzo proletarioen erradiografria gordina da. Bug bala galdu bat da: 14 urte zituela eduki zuen Hunter mutikoa. Geroxeago, beste emakume batekin eduki zuen Bailey, eta orain beste emakume batekin ezkontzera doa. Etxe okupa batean bizi dira, baldintza tamaletan, eta ez du diru sarrera argirik, etorkizuneko proiektu bat ez besterik: lerde haluzinogenoak ematea espero duen apoa.
Baileyk 12 urte ditu (Nykiya Adams), eta aita desastre eta problematikoarengandik ihes, nerabezarora sartzear den neska zurrunbiloa da: “Liskar bila jaio nintzela dio amak”. Handik eta hemendik dabil, maitasun bila edo, gogorrarena egiten, Bird topatzen duen arte. Gurasoek abandonatu zuten mutila gurasoak ezagutu asmoz bueltan da. Gizon sentsiblea da, eguzkian eta mugimenduan poza topatzen duena. Gizartearentzat, friki bat, tipo arraro bat.
Birdek Baileyen laguntza behar du, eta, Baileyk ere, Birdena. Gutxika goaz ikusten nola gizarteak baztertu dituen bi pertsonek bat egiten duten, helduen bizitza miserableen kontra esperantza ereinez. Zauritutako bi bihotz, erakusten maitasuna infinitua dela, gero eta gehiago eman, gero eta gehiago duzu.
Ingalaterra proletarioa
Moral burgesaren eta moral proletarioaren arteko talka ikusten da filmean. Bugen ezkontza ero eta erridikulua horren adibide. Klaseak baldintzatzen du beti estetika. Berdina abortuaren auzian: nork baimentzen du abortua, nork ez, zergatik?
Hau ez delako proletarizazioaren erromantizatze bat; estetika hutsa. Drogak, ezegonkortasuna eta biolentzia, langabezia kronikoan bizi den gizarte sektore baztertuaren eguneroko ogia da. Ideia erreakzionarioek lur aberatsa dute hemen, gero eta zatikatuagoa eta ahulagoa dagoen komunitatean.
Alde askotako txanpona da Bird. Joan zaitezke Bird maitagarriarekin (Franz Rogowski bikainarekin), Baileyren indarrarekin, oinarri sozialarekin, irudiarekin, anai-arreba gazteekin, edo musikarekin (Drill, Fontaines D.C., Oasis, Blur, Burial… Ingalaterrako langile auzoen soinu banda aukeraketa zainduarekin). Txanponaren alde guztiekin geratu zaitezke ere: Bird Perla hutsa baita.