'Ciento volando': azaleko Txillida, ehungarrenez
Aspaldi ez nuela dokumentalaren eta publizitatearen artean dagoen pelikularik ikusten. Zinemaldian ikustea harrigarria zait. Eduardo Txillidaren inguruan lehendik genekizkienak azaltzen zaizkigu, denbora guztian hitz goxo, ezti eta limurtzaileekin. Urtaro guztietako irudi eder askoekin, ezer gutxi kontatzen zaigu obraz, pertsonaz, eta batez ere, testuinguruaz.
Tira, gehiegi sutu gabe, dokumentalak detaile txiki politen bat kontatzen duen arren, gauzak aipatzen ditu ezer askorik azaldu gabe. Oteizaren eta Txillidaren arteko “zera” hura, Txillida Leku hamar urtez itxita egon zela… dena gertatu da museo bateko txarteltxo batean bezala, arrazoi askorik eman gabe. “Bi pertsonalitate fuerte zituzten”, esaten digute, urtaroen aldaketa izango balitz bezala —ezinezko ez gogoratzea eme punto rajoyren “urtaroak aldatzen dira, jakin gabe ondo zergatik”—.
Zertarako nahi dugu, beraz, ezer azaltzen ez duen dokumental bat? Publizitate ariketa bat baino ezin da irakurri. Hernaniko gaztetxo batzuk agertzen dira esanez “zeinen ondo dagoen Txillida Leku, ze leku ederra, jendeak gehiago etorri beharko luke, euskal artea ezagutu behar dugu”. Benetan esan izango balute ere, sinestezinak diren esaldiak dira. Eta ikus-entzunezko bati sinesgarritasuna kentzen diotenak.
Ez du helduleku argirik dokumentalak, ez bada Txillidaren obren irudi eder-ederrak dituela. Hor ez gara sartuko. Baina edertasun burges bat da. Diruak erosi duen edertasun bat. Nahigabe bada ere, hori azpimarratzen dute behin eta berriro: “Batzuk txaparekin egiten dute lan; Txillidak ez. Txillidak beti pieza bakarrean egiten zituen lanak”. Baina pentsatu al dute hauek zergatik aukeratzen duen jendeak ekilore olioa kozinatzeko, eta ez oliba olio birjin estra? Usain hobea uzten duelako etxean?
Kontzeptu polit bakarra erreskatatzen dut nik: argi iluna. Itxuraz, Txillidak itsasoarekin zuen harremana zela eta, Euskal Herriko argiarekin harreman berezia zuen. Mediterraneoko argia zuria zen, eta, hemengoa, aldiz, iluna. Hor behintzat ados egongo ziren Jorge eta Eduardo…
Azaleko dokumental bat, gero eta azalekoagoa dela erakusten duten artista baten inguruan. Ea hurrengo 100. urtemugan Euskal Herriak errespetu handiagoa erakusten dien beren artistei, eta pertsonen mamira heltzen garen.