Donostiako Klasikoak berezko data berreskuratuko du
UCIk modu ofizialean argitaratu du 2025eko World Tourreko egutegia, eta, Donostiako Klasikoak azken urteotan izandako data berreskuratuko du. Parisko Olinpiar Jokoengatik, normalean baino beranduago jokatu da aurtengoa. 2025ean, berriz, abuztuaren 2an izango da.
Euskal egutegi profesionaleko beste lehiaketen datak ere iragarri dituzte. Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7tik 12ra egingo dute. Aldiz, Emakumeen Itzulia maiatzaren 16tik 18ra izango da.
OCETA talde antolatzaileak oraindik ez du ibilbideen berri eman, eta, beraz, ezin jakin Donostian etaparik jokatuko den. Halere, Emakumeen Itzuliaren hirugarren etapa hirian hasi eta buka daitekeela aurreikusi daiteke, azken urteotan horrela izan delako.