Frantzia pasealekuan geldituko dira aurrerantzean aireportura doazen E21 lineako autobusak
Datorren astelehenetik aurrera, E21 lineak (Aireportua>Hondarribia>Donostia) ez du geldialdirik egingo Federico Garcia Lorcan. Hala adierazi du gaur Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta azaldu du bi erakundeei eragiten dieten mugikortasun gaiak jorratzen dituen mahai teknikoak erabaki dituela aldaketa horiek.
Jakinarazi duenez, Donostiako Udalak, azkenean, aldundiak E21 autobusaren geltokia aldatzeko egindako proposamena onartzea erabaki du, eta geralekua Frantziako pasealekuan kokatuko da, Norteko Geltokiaren parean.
UK09 eta UK10 autobusak
Era berean, udalak UK09 (Zumaia>Orio>Donostia (AP-8) Askatasunaren etorbidean gelditzeko egindako proposamenari jarraituz, aldundiak onartu egin du, baina aldaketa ez da gauzatuko udalak Frantzia pasealekuan ere gelditzeko aukera emango duen baloratu arte, linea horren izaera intermodala ez galtzeko. Oraingoz, udalaren proposamen irmorik ez dago UK10 linea (Zumaia>Donostia (AP-8 Zarauztik) birkokatzeko.
“Gipuzkoan une historiko batean gaude garraio publikoaren erabilerari dagokionez, eta horrek esan nahi du administrazio eskudunok oso zorrotzak izan behar dugula zerbitzu publiko horren kudeaketan. Helburua ez da bakarrik erabiltzaileak irabazten jarraitzea eta gero eta jende gutxiago ibilgailu pribatua erabiltzea, emandako zerbitzua herritarren beharretara egokitzea baizik. Mugikortasun jasangarria eskubideak bermatzen dituen eskubidea da, eta, beraz, zerbitzu jasangarri, eroso, seguru, irisgarri eta lehiakor baten aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, herritarrek beren bizitzako hainbat esparrutan egin beharreko joan-etorriak erraztuko dituena”, adierazi du Dominguezek.