Ibon Urbietak hartu du Donostiarrako nesken traineruaren ardura
Igor Makazagak beste hiru urtez jarraituko du mutilen lehen taldearen entrenatzailea izaten. Aldiz, David Sainz arduratuko da bigarren taldeaz.
Kaiarriba klubak datorren urterako aldaketak iragarri ditu alor teknikoan. Donostiarrako emakumezkoen taldeak entrenatzaile eta arduradun berria du: Ibon Urbieta. Horrela, Rufo Urtizbereak utzitako hutsunea beteko du. Xabier Zabala izango da Urbietaren laguntzailea, eta, gainera, Ur Kirolak-en aulki mugikorrean lehiatuko diren arraunlari seniorrez eta jubenilez arduratuko da.
Donostiako gizonezkoen taldeak ez du lemazain aldaketarik izango. Are gehiago, Igor Makazagak beste hiru urtez jarraituko du lehen taldeko entrenatzaile eta arduradun gisa. Aldiz, KAE1 ligan ariko den Donostiarra B taldeko entrenatzailea David Sainz izango da, eta Iñaki Arrieta izango du alboan laguntzaile moduan. Arrieta bera arduratuko da Ur Kirolak-en aulki mugikorrean lehiatuko diren arraunlari seniorrez eta jubenilez.
“Klubak aldaketa garrantzitsu hauek egin ditu kirol helburuak ahalik eta ondoen betetzeko. Gure ustez, aldaketa nahiko esanguratsuak dira Donostiako masa sozialak ilusioz jarrai dezan, klubak bere ibilbidean urrats sendoak egiten segituko duelako”, azaldu du klubak.