'Le Dernier Souffle': medikuntza aringarria eta heriotza duina aldarri
Costa-Gavra zuzendariarentzat ohikoa dena zinema politikotik urrundu egiten da, itxuraz, behintzat, Le dernier souffle, Azken Hatsa, alegia. Fabrice Toussaint filosofoari tumore txiki bat topatu diote, eta kuriositatez, Augustin Masset medikuarekin harremana hasten du, medikuntza aringarrian espezialista.
Zahartzaroa eta bizitzaren amaierako beldur eta beharretara barneraino sartzen baimentzen dio eszenatokiak Costa-Gavrari. Heriotzak bost axola, eta kostaldera joatea ostrak jatera eta ardo zuria edatea baino desio ez duen andrearen kasua, esaterako. Zertarako gehiago bizi, ezin bada bizi? Atximurkada egiten du barrenean semearen eta amaren arteko harremanak.
Denetarik dagoelako bizitzan, eta denetatik heriotzan. Erantzun bila erlijio guztiak arakatu dituen emakumea, aitarekin harremanik ez duten seme-alabek hartu beharreko erabakiak, herentziagatik borrokatuko duten senideena, heriotza onartu nahi ez dutenena… Agur esateko moduen paleta zabala da filma. Motela den arren, sakona ere badena, barruraino sartzen zaizuna.
Zahartzaroa, arazo
Frantzian, 200.000 pertsonak dute medikuntza aringarriaren beharra, eta 2.000k jasotzen dute. Oharkabean pasatu da oharra, baina horri buruz ere badoa filma: gero eta zaharragoa den gizartean, zer egin “jende edadetuarekin”?
Filmean klinika pribatu bat ikusten baitugu, horrek esan nahi duen guztiarekin. Ijito familia batek apurtzen du zuritasun monotonia. Hori bai, guztiz folklorizatutako ijito familia; Donostiako kaldereroen konpartsa bat dirudi, horrek esan nahi duen guztiarekin. Medikuntza modernoari badira halako zaplazteko txikiak: “Bidaltzen ditugun medikamentuen herenak ez du ezer egiten”.
Filosofoaren antzera, Costa-Gravak ez du erantzunik ematen, soilik argazkia erakutsi. Senegaldik datorren medikuak egiten du kritika: “Guretzat, agureak jakinduriaren kriseilu dira; zuek, pospolo kutxetan sartzen dituzue, aseguru etxeen pozerako”.