Barrenetxeak jarri du puntua
Realak berdindu egin du Nizaren zelaian, Europa Liga berriaren lehen jardunaldian.
Botila erdi hutsa eta erdi betea ikusten dutenak ez dira konforme jarriko. Dena dela, Realak puntu ona lortu zuen atzo Nizan, Europa Ligako partidan. Imanol Alguacilek hamaikako deigarria zelairatu zuen, eta, egiari zor, asmatu zuen. Harrobiko bederatzi jokalarirekin ekin zion partidari, eta garaipena ez zuen aparte izan.
Txuri-urdinek lehen zati ona egin zuten, eta 18. minutuan aurreratu ziren markagailuan Ander Barrenetxearen gol eder bati esker. Brais Mendezen pase on bati, bukaera paregabea eman zion aurrelari donostiarrak, baloia zartako baten bidez ate barrura bidalita. Reala ez zen lasaitu, eta bigarren gola egin saiatu ziren. Ordea, arerioak egin zuen berdinketa, lehen zatia bukatzear zela. Aihen Muñozen akatsa baliatu zuen Rosariok.
Bigarren zatian, txuri-urdinek pauso bat atzera egin zuten, eta Nizak irabazteko hainbat aukera sortu zituen. Argiena, epaileak adierazi zien penaltia izan zen. Jon Pachecok aurkari bat heldu zuen area barruan, eta VAR-a kontsultatu ostean, Reala zigortu zuen. Zorionez, Alex Remiro atezainak maisuki gelditu zuen Guessanden jaurtiketa. Erabakigarria izan zen nafarra.
Bukaerako sentsazioa gazi-gozoa izan arren, baliteke Barrenetxeak jarritako puntua garrantzitsua izatea Europako ibilbidean.