Luxuzko etxebizitzen aurka mobilizatuko dira
Donostiako hainbat herri eragilek elkarretaratzera deitu dute, Donostian luxuzko etxebizitzak eraikitzearen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde. Gaur egingo dute elkarretaratzea (hilak 26), Ijentea kalean, 19:00etan. Donostia pairatzen ari den “turistifikazio prozesu basatia” salatuko dute, baita “hiria salerosten” ari direla ere. Ez dute argitaratu deialdiarekin bat egin duten eragileen zerrenda, baina hedabide honek baieztatu ahal izan duenez, asko eta askotarikoak dira.
Horrela, prozesu horren barruan, azkenaldian hirian ugaritzen ari diren luxuzko etxebizitzetan jarriko dute fokua, bereziki. Izan ere, besteak beste, Ijentea kalean eta Groseko Telefonicaren eraikinean luxuzko etxebizitzak egingo dituztela argitaratu da azken hilabeteotan.