'Apocalypse in the tropics': edo nola ulertu 'o Brazil do Jesus'
Zine dokumentaleko perla harrigarria sortu du Petra Costa zinemagile brasildarrak. Urtetan zehar aurrera eramandako lan mardula, galdera potolo baten inguruan: zer gertatu da Brasilgo eskuin muturraren atzean dagoen mugimendu ebanjelikoarekin? Silas Malafaia gotzain ultraren lana ezagutzen dugu, nola lortu zuen 10.000 lagun zituen eliza batetik 100.000 kide zituenera pasatzea. Eta nola lortu zuen Bolsonaroren diskurtsoa idaztea.
Urte gutxian, herrialdearen %5 izatetik, %30 izatera igaro zen fede ebanjelikoa Brasilen. AEBetik etorritako estrategia bati jarraiki, Latinoamerika ia osoan ez dago herririk bere eliza ebanjelikorik gabe. Errepiderik ere ez duten herriek badute eliza ebanjelikoa. Lan espiritualaz gain, lan sozial eta komunitario itzela egiten dute. Eta, garrantzitsuena, 1960-1990 urteetan garatu zen Askapenaren Teologia albo batera uztea lortu zuten —finantzazio masiboaren laguntzarekin, noski—.
Costasek, ordea, jakin nahi du zer dela eta lortu duten horrenbeste botere, eta nola egin zuten Jair Bolsonarorekin bat, duela urte gutxi ezinezkoak ziruditen politika modu berri batzuk jarriz mahai gainean.
Mundu osoan tendentzia
Zeren ez dago dudarik. Aro berri batean gaude: Donald Trump, Jair Mesias Bolsonaro, Giorgia Meloni, Marine Le Pen, Javier Milei, Santiago Abascal… Zenbat lehendakari, alkate eta boteredun agertu diren azken urteotan demokraziaren oinarrizko balioen kontra? Feminismoaren, ekologismoaren, LGTBIQ komunitatearen eta pobreen kontra. Eta beti, beti, beti, burgesiaren alde. Betiko faxismoa, diskurtso eta tresna berriekin.
Erlijioak duen funtsezko paperean sartzen laguntzen digu Costasek, eta, bereziki ebanjelikoek duten aldarte biolento eta belikosoan: Apokalipsia. Jesusek munduaren amaieran egingo duen mendekua presente dute ebanjelikoek, eta euren buruak salbatzaile gisa ikusten dute. Eta are gehiago, gerlari gisa. Horregatik dute hizkuntza oldarkor eta iraultzailea. Horregatik dirudi erantzunak emateko gai direla. Baina errealitatea da iristen diren leku bakoitza erre egiten dutela, eta galtzailea, beti bezala, herri xehea. Ikus Argentinako egungo desastrea.
Demokrazia zaurgarritasuna babesteko gune izan beharko lukeela iritzi du Costasek, eta eskuin muturra horren kontrako arrisku itzela baino ez da. Sare sozialen bidez eta fake news-en bidez garatzen dute estrategia. Baina betiko botereak ditu atzean: kapitala, erlijioa eta armada. Gerra kulturala irabazi behar da, baina kontu handiz, gizartea ondo ulertu behar da horretarako. Espiritualtasunaren beharra ezin dela ahaztu: “Harroa da pentsatzea gizateriak ez duela erlijioaren beharrik izango”.
Apokalipsiaren paper mesianikoari aurre egitearen beharra, hain zuzen, eskuin muturrari aurre egitearen beharra da. Eta grekoz apokalipsiak beste esanahi bat du: “Begiak irekitzea”.
Bolsonaroren zaleek egin zuten estatu kolpe saiakerak, Brasiliako Kongresuko kristal hautsiek balio behar du begiak irekitzeko.